Berriak
Atzealdea

Irekita Hazilan programaren 11. edizioan parte hartzeko izen-ematea

Gehienez, eskualdeko 15 partaiderekin osatuko da taldea eta guztiek enpresetan praktikak egiteko aukera izango dute

2020·12·03


2021.urteari begira, Urola Kostako Udal Elkarteak HAZILAN egitasmoaren hamaikagarren deialdia egin du. Egitasmoa eskualdeko enpresa, eta langabe edota lana hobetu nahi duten 20-44 urte eta goi mailako ikasketak dituztenei bideratuta dago; langabeen kasuan laneratzen laguntzeko, lanean ari direnen kasuan beren lan aukerak hobetzeko. Zabalik dago izen-ematea eta 11.edizioaren xehetasunak abenduaren 17an egingo den informazio saioan aurkeztuko dira.

Prestakuntza trinkoa eta praktikak enpresetan

Azken bi edizioetan egin bezala, edizio berri honetan ere prestakuntza-eskaintza indartzeko apustua egin da.  Eta, gainera, parte hartzaileek enpresetan praktikaldia egitekoa aukera izango dute. Zehazki, zer landuko dute goi mailako ikasketak dituzten eskualdeko 20-44 bitarteko gazteek? 

Programak, hiru atal nagusi izango ditu. Lehendabizi, zeharkako konpetentziak landuko dira bizipen-prestakuntza pertsonalizatua eta integrala eskainiz. Ondoren, praktikaldiari ekin aurretik, partehartzaileek bogan den eta lan munduan murgiltzeko ezinbestekoa bihurtu den esparru bati buruzko 24 orduko prestakuntza teknikoa jasoko dute. Hain zuzen ere, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketina behar bezala egiteko gakoak ezagutuko dituzte. Amaitzeko, beti ere norberaren lanbide-profilaren arabera, eskualdeko enpresaren batean 200 orduko praktikaldia egiteko aukera izango dute.

Orain arte, ibilbide emankorra izan du ekimenak Urola Kostan. Aurreko  edizioetan zehar, guztira, 150 pertsonek hartu dute parte eta hainbat gaitasun sozioprofesional landu ondoren, laneratzeko prozesuak egin dituzte eskualdeko zenbait enpresetan (praktikak, prestakuntza lanpostuan...).

Printzipioz, aurrez aurreko prestakuntzari eutsiko zaio; beti ere, segurtasun eta prebentzio neurri guztiak errespetatuta, jakina. Edozein kasutan, osasun egoeragatik aurrez aurreko saioak bertan behera geratuko balira, Urola Kostako Udal Elkarteak prest ditu baliabide guztiak, etenik gabe, programa online aurrera eramateko. Hala balitz, aurrez jakinaraziko zaie partaideei.

Informazio saioa

Informazio-saio bat egingo dugu interesa duten pertsona kualifikatuentzat, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko:

  • Eguna eta ordua: abenduak 17, osteguna, 11:00etan
  • Non: On line izango da; Gotomeeting plataformaren bidez.
  • Informazio saioan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da galdetegia beteta.  Ondoren, saiora sartzeko esteka jasoko du interesdunak bere posta elektronikoan.

Informazio-saio bat egingo dugu interesa duten pertsona kualifikatuentzat, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko:

Programaren xehetasunak

Programak, hiru atal nagusi izango ditu: lehendabizi AKTIBATU fasea (zeharkako konpetentziak lantzeko), ondoren PRESTATU (prestakuntza osagarria) eta, azkenik, KOKATU fasea (praktikaldia enpresetan). Hona hemen xehetasunak:

  • AKTIBATU fasea (80 ordu): prestakuntza

Zeharkako konpetentziak landuko dira bizipen-prestakuntza pertsonalizatua eta integrala eskainiz.

  • Egutegia eta ordutegia:
    • Noiz: 2021eko urtarrilaren 25etik martxoaren 11ra bitartean.
    • Egunak: astelehenetik ostegunera (09:30etik 13:30era).

​​PRESTATU fasea (24 ordu) Nire marketina sareetan

Helburu orokorra da, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketing-a egiteko gakoak ezagutzea.

  • Egutegia eta ordutegia:
    • Noiz: 2021eko urtarrilaren 29tik martxoaren 5era bitartean.
    • Egunak: ostiraletan (09:30etik 13:30era).
  • KOKATU fasea (200 ordu): praktikak enpresetan

Lanbide-profilaren arabera, benetako lan esperientzia lortuko da.

  • Egutegia eta ordutegia:
    • Noiz: 2021eko martxotik maiatzera bitartean. 
    • Egunak: astelehenetik ostiralera, gehienez ere 6 orduko lanaldia

Argibideak eta izen- ematea:

Dagoeneko zabalik dago izen-ematea. Plaza kopurua mugatua da (15 partaide, gehienez). Pertsona gehiagok izen emango balute, hautaketa prozesua egingo da.

Izen-emateari buruzko argibideak ere emango dira abenduaren 17ko informazio saioan. Edozein kasutan, tramitazioa elektronikoa egin ezin dutenek, egoitzan elektronikoan dokumentua deskargatu,  bete eta Udal Elkarteko egoitzara bertaratu beharko dute.

Argibide gehiago nahi izanez gero: 

- Informazio gehiago, hemen

Vanessa Garcia, enplegu teknikaria

  • 943890808
  • hazilan@urolakosta.eus

Programa operatiboa 2016-2020 Hazilan proiektuak 5 urteko iraupena izango du (2016an hasi eta 2020an amaituko da). Proiektu hori Garapen Elkarteak (Garapen Agentzien Euskal Elkarteak) koordinatuko du eta 20 garapen agentziak hartuko dute parte, tartean Urola Kostako Udal Elkarteak. Proiektuaren %50 Europako Gizarte Funtsak (EGIF) finantzatuko du eta beste %50 garapen agentzia bakoitzak (gure kasuan Urola Kostako Udal Elkarteak).