Berriak
Atzealdea

Ekiten ekosistema aurkeztu du Udal Elkarteak, ekintzaile eta enpresarien lana ezagutzera emateko

Helburu nagusia da ekintzaile eta enpresarien lana aitortu eta ezagutzera ematea eta laguntza eta baliabideak eskaintzea. 3 topaketa egingo dira apirilaren 24an, maiatzaren 15ean eta ekainaren 5ean.

2018·04·13


Gure bailaran (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) ekintzaile eta enpresari asko ari dira proiektuak gauzatzen eta negozioak eta enpresak aurrera ateratzen, hitz batean, gure eskualdeari onura ekonomiko eta soziala ekartzen.

"Ekiten, Ekintzaile eta Enpresarien Ekosistema" egitasmoaren bidez, ekintzaile eta enpresarien lana azaleratu eta ezagutzera eman nahi dugu, beren arteko harremana sustatu nahi dugu eta laguntza eta baliabideak eskaini nahi ditugu, izan ditzaketen beharrei erantzuteko.

Webgune bat jarri dugu martxan, www.ekiten.org, ekintzaileen lan eta ahalegina erakusteko eta ekimen honetan antolatuko ditugun ekintzen informazioa eskaintzeko (topaketak, agenda, informazio interesgarria…).

Ekiten topaketak

Eskualdeko ekintzaile eta enpresariei elkartzeko gunea eskaini nahi diegu, lan giro egoki bat sortuz, benetan interesatzen zaizkien gaiak partekatu eta horiei buruz hitz egiteko eta elkarrekin ekimen berriak garatzeko.

Hiru topaketa antolatu ditugu, elkar ezagutzeko, beharrak identifikatzeko, elkarrekin irtenbideak aurkitu eta baliabideak zuen beharretara jartzeko. Topaketak apirilaren 24an, maiatzaren 15ean eta ekainaren 5ean izango dira, Udal Elkartearen egoitzan (Zarautzen). Topaketa horiek Olaia Agirrek dinamizatuko ditu (OAZ COACHING aholkularitza-etxea).

Lehendabiziko topaketa apirilaren 24an izango da:

  • Eguna: apirilak 24
  • Ordua: 12:30etik 16:00etara
  • Lekua: Urola Kosta Udal Elkartean (Urdaneta bidea 6, Zarautz)

Apirilaren 24ko topaketan galdera hauei erantzungo diegu elkarrekin

  • Zer egiten ari gara oso ondo gure negozio-enpresetan? Zein irtenbide, ezagutza eremu, gaitasun ditugu?
  • Zein aukera ikusten dugu eskura eta zein urrunxeago?
  • Zein zailtasun aurkitzen ditugu eguneroko jardunean? Zein erronka ditugu aurrez aurre?
  • Nola saiatzen gara horiek gainditzen?
  • Eta Ekiten ekosistema behar horiei erantzuteko baliabide egokia balitz? Eta Ekiten ekosistemak aukera horiek modu konpetitiboago batean aprobetxatzeko aukera emango baligu?

Norentzat

  • Ekimen, proiektu, negozio edo enpresak bultzatzen eta garatzen ari diren pertsonentzat.
  • Negozio edo enpresa bat sortzeko asmoa duten pertsonentzat.
  • Ekintzaile sena duenarentzat, bere esku dagoena eginez besteei lagundu nahi dienarentzat, aukerak sortzen lan egin nahi duenarentzat.
  • eta hau irakurri eta interesa eta parte hartzeko gogoa sentitu baduzu, zuretzat ere bai

Informazioa eta izen-ematea:

Topaketatan parte hartzeko izena eman behar da, telefonoz, emailez edo webgunean eskura dagoen formularioaren bidez.

  • Urola Kostako Udal Elkartea
  • Enpresa Sustapena (Maider Ibarbia)
  • Tel. 943 890808
  • enpresasustapena@urolakosta.eus
  • www.ekiten.org

Gure protagonistei elkarrizketak

Webguneak elkarrizketen atal interesgarri bat du, eskualdeko ekintzaileei egindako elkarrizketekin: nola sortu zitzaien asmoa, zer egin zuten, nola lortu dute beren negozioa aurrera ateratzea? Orain arte egindako elkarrizketa hauek dituzu ikusgai:

Itziar eta Onditz Eizagirre – Talai Berri Txakolina

Oihana eta Ainhoa Iribar – Maisor

Maider Lasa – La Oveja Latxa

Nerea eta Ainhoa Lazkano – Hotel San Prudentzio

Miren Prieto – Lakari

Jon Arratibel -Begi-Bistan zerbitzu turistikoak

Maria Villalon – Conunpunto.com       

Zure esperientzia kontatu nahi badiguzu jarri gurekin harremanetan.

Ekimen honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eta babesa jaso du "Enpresak Sortu eta garatzeko prozesuan laguntzeko programaren» baitan (2017ko deialdia).