Berriak
Atzealdea

Ostalaritza eta merkataritza suspertzeko eta sektorearen lehiakortasuna areagotzeko kanpaina aurkeztu du Urola Kostako Udal Elkarteak

Nire aukera Urola Kosta lelopean, sektorearen berraktibazioa eta suspertzea izango du xede

2021·05·20


Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak Nire aukera Urola Kosta kanpaina aurkeztu du goizean Getariako Salbatore Deuna elizako arkupetan. Aldamenean izan dituzte Fatima Cazalis eta Cristina Aguirrebeña, Urola Kostako merkataritza eta ostalaritza sektorea ordezkatuz. Gaur hasi eta urrira bitarte luzatuko den kanpainaren helburua bikoitza da, sektorea suspertzea eta bere lehiakortasuna areagotzea.  

Gaur egun, Urola Kostan 3.399 establezimendu daude, guztira. Ehun-ekonomikoa osatzen duten establezimenduen % 30,62 dira merkataritza, ostalaritza eta ostatu-establezimenduak. Eskualdeko enpleguaren ia % 25a sortzen dute, edo beste modu batera esanda, 13.811 lanpostu zuzen. Datuak hotzak izan arren, agerian uzten dute sektorearen garrantzia. Agerian geratu den bezala COVID 19aren pandemiak sortutako krisi eta ziurgabetasun egoeran, bereziki kolpatua eta kaltetua izan den sektorea izan dela.

Testuinguru honetan, Urola Kostako Udal Elkarteak, bost udalerriek eta eskualdeko sei merkataritza eta ostalaritza elkarteek (Babexa, Getariako dendari elkartea; Arkupe, Orioko merkatari, ostalari eta profesionalen elkartea; Murkil, Zarauzko dendarien elkartea; Gertu, Zumaiako merkatari eta ostalari elkartea; Getabat, Getariako Ostalari elkartea; eta Zurekin, Zarauzko Ostalari elkartea) gaur hasi eta urrira bitarte luzatuko den Nire aukera Urola Kosta kanpaina aurkeztu dute.

Lehiakortasuna areagotzea

Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak “sektorearen lehiakortasuna areagotzeko estrategia” diseinatu dutela, eta datozen hilabeteotako erronka “estrategia hori garatzea” izango dela aurreratu du. Jarraian, kanpainarekin bi helburu lortu nahi dituztela azaldu du: “Batetik, eskualdeko ostalaritza eta merkataritza alorretan kontsumoa sustatzea; eta bestetik, sektorearen lehiakortasuna areagotuko duten ekimenak sortzea, beti ere sektoreko eragileekin elkarlanean”.

Sektorea biziberritzeko, sustatzeko eta hauspotzeko hartu duten erabakia estrategikoa dela arrazoitu du. “Eskualdearen garapen sozioekonomikoan puntako eragileak izan dira, eta izaten jarraitzen dute. Urola Kosta eskualde aurreratu eta erreferentziazkoa izaten jarraitzeko, ezinbestekoa da sektorea aktibatzea”. Eta berraktibazio eta suspertze ekonomiko horretan, “aurrerapena, berrikuntza, jasangarritasuna eta lehiakortasuna” funtsezko gako bezala identifikatu ditu.

Kanpainarekin, gure establezimenduen “lehiakortasuna” azpimarratzeaz gain, haien “aldeko apustua” egiteko deialdia luzatu du “gure eskualdearen aldeko apustua delako, tokian tokiko kontsumoaren aldeko apustua, eta herritar gisa dugun erantzukizunaren ispilu”. Eta jarraian, Urola Kostako merkataritza eta ostalaritza aukeratzeko zenbait arrazoi zerrendatu ditu: “Ekonomia sustatzen duelako, kalitatezko eskaintza bermatzen duelako, herri-biziaren adierazle direlako edota enplegua sortzen eta mantentzen laguntzen dutelako”.

Fatima Cazalisek eta Cristina Aguirrebeñak, hurrenez hurren Fatima Cazalis eta Kaïoa arropa-dendako arduradunek, esker onez jaso dituzte Urola Kostako Udal Elkarteko arduradunen hitzak. Biek ala biek, tokian tokiko kontsumoaren aldeko jarreraren garrantzia nabarmendu dute, eskualdeko negozioak balioan jarriz. Fatimaren esanetan, “gure negozioek herriari indarra ematen diote. Eta guk, herriari lehen mailako produktuak eskaintzeaz gain, zerbitzu gertukoa eta profesionala eskaintzen diegu”. 

Cristinak, bere aldetik, pandemia garaia “oso gogorra” izan dela baieztatu du, “batez ere dendak itxita izan ditugunean”. Txanponaren beste aldean, aldiz, “bezeroek eman diguten berotasuna eta gure ikasketak eta ezagutza areagotzeko aukera” nabarmendu ditu, “horri esker, bostgarren denda, online bidezkoa, indartzeko aukera izan dugu”.

21 eguneko erronka

Gaur hasi eta urrira bitartera luzatuko den kanpainaren baitan, sektorea balioan jartzeko ikus-entzunezko hainbat pieza, kale ekintzak eta erronka bat iragarri dituzte. Horietako batean, bost herrietako hainbat herritarren atxikimenduak jasoko dira kanpainaren aldarria zabaltzeko asmoz. Batez ere, sare sozialetan zabalduko dira maiatzean hasi eta urrira bitartean. Bigarren sorta batean, komertzio eta ostalaritza guneetan eskaintzen diren produktu eta zerbitzuen bikaintasuna lortzeko, establezimenduen jardun ekonomikoaren atzean dagoen ehun sozioekonomiko esanguratsuaren berri emango da.

Nire aukera Urola Kosta kanpainaren baitan, ahalegin berezia egingo da sektoreko establezimenduak ikusarazteko eta eskualdeko eskaintza oparoa herritarrengana gerturatzea. Horrela, herritarren arreta piztu eta ekimena promozionatzeko ekimena kalera aterako da.

Eta amaitzeko, urrian, erronka da. Ekintzarik ikusgarriena eta Urola Kostako herritarren inplikazio handiena eskatzen duena, hain zuzen. Baina momentuz, ez dute ezer gehiago aurreratu nahi izan, “xehetasunak uda pasata emango ditugu”.