Noticias
08·11·2016
Ekin diogu ikasturte berriari eta abian da 2016-17 ikasturteko Mintzalagun Programa: astean behin hitzordua bidelari eta bidelagunek, euskaraz aritzeko. Ikasturte honetako leloa da “Praktikatu eta bizi”, euskaraz egin eta euskaraz bizi.
Hasierako ekitaldia
Ikasturteari hasiera emateko ekitaldi bat egingo dugu, azaroaren 10ean, 19:00etan, Zarauzko kiroldegiko aretoan. Ohi bezala, emanaldi batekin hasiko gara eta mokadutxo batekin tertulian amaituko dugu. Olatz Pagaldai aktorearen “Erdaldun berrien kluba” emanaldia izango dugu.
Ikasturte honetan 70 mintzalagun inguru hasi dira sortu diren 14 taldeetan (3 talde Zumaian, 9 Zarautzen eta 2 Orion), euskara praktikatu eta euskaraz bizitzeko urratsa egin nahi dutenak.
Mintzalagun programa: zer da?
Mintzalagun Programak euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak, euskaldun zaharrak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariekin, euskaldun berriekin) elkartzen ditu astean ordubetez euskaraz hitz egin dezaten. Zer lortzen dugu:
Bidelariak, euskaldun berriak: euskaraz hitz egiteko aukera du, bertako hizkera ezagutu eta ikasteko; jendea ezagutzeko eta euskaraz aritzeko harreman-sarea zabaltzeko aukera du.
Bidelagunak, euskaldun zaharrak: euskaldun berriei lagundu, bertako hizkera erakutsi, egiten ari diren ahalegina saritu eta aitortu…
Eman izena!
Euskara ikasten ari bazara eta praktikatu nahi baduzu eman izena. Euskaraz ikasten ari direnei lagundu nahi badiezu, eman izena.
Argibideak jasotzeko edo izena emateko:
Honako telefono eta helbideetara jo dezakezue argibideak jasotzeko eta izena emateko:
- Urola Kostako AEK euskaltegia; Zarauzko Udal Euskaltegia
- Telefonoz: 625 485 215
- Emailez: urolakosta@aek.org
Urola Kostan 8 urte
2009an ekin genion Mintzalagun Programari. Ekimena Urola Kostako Udal Elkartearena eta eskualdeko udalena da. Programa antolatzen eta jarraipena egiten parte hartzen dute Urola Kostako AEKk, Zarauzko Udal Euskaltegiak eta udaletako eta Udal Elkarteko euskara zerbitzuek. Programa dinamizatzeko lanak Urola Kostako AEKk egiten ditu.
Programaren bilakaera ona izan da eta partehartzaile kopuruak gora egin du. 2009an 41 mintzakiderekin hasi ginen eta azken urteotan urtero 20 talde inguru eta 75-80 pertsonak hartu dute parte.
Asteroko hitzorduak, ekitaldiak, irteerak, zozketak
Mintzalagunak astero elkartzen dira, euskaraz aritzeko. Hori osatzeko, ikasturte hasieran eta amaieran ekitaldi bana egiten dugu (hitzaldi, diaporama, ipuin emanaldia…). Horrekin batera, irteerak, topaketak, eskualdeko kultur emanaldietara joateko sarrerak…