Noticias

Atrás Zabalik dago Open Lab Urola Kosta, elkarlanerako lekua

6
Atzo, otsailak 5, egin zen proiektua aurkezteko ekitaldia. Bertan izan ziren ekimenaren sustatzaileak, udaletako eta Udal Elkarteko ordezkariak eta bailarako hainbat enpresa eta eragile.

06·02·2018


Ekitaldian izan ziren ekimenaren sustatzaileak, udaletako eta Udal Elkarteko ordezkariak eta bailarako hainbat enpresa eta eragile.

Open Lab Urola Kosta elkarlanerako lekua da, nahi duenarentzat ateak zabalik dituena; esperimentatu, ikertu eta sortzeko lekua, teknologia digitalak, makina eta erremintak eta prototipoak egiteko eta azkar fabrikatzeko makinak erabiliz.

Dibulgaziorako lekua ere izango da, tailerrak, ikastaroak eta workshopak antolatuko baitira.

Partekatzeko eta sortzeko lekua da, DIY filosofian oinarrituta (do it yourself, egin zerorrek).

Ekintzailetza sustatzeko lekua ere bada, ezagutzak, asmoak eta ideiak partekatu eta ideia berriak garatzeko.

Askoren artean landutako egitasmoa

Open Lab Urola Kosta bailarako hainbat eragile eta pertsonen eskariari erantzunez sortutako ekimena da, askoren arteko ahaleginaren emaitza (pertsonak, eragileak, udalak, Urola Kostako Udal Elkartea). Eskualdeko udalek eta Urola Kostako Udal Elkarteak finantzatutako proiektua da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzarekin.

Norentzat

Eskualdeko (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako) herritar eta enpresa ororentzat da. Ez dago adin mugarik: haurrak, gazteak, helduak, adinekoak… Bakarrik etor zaitezke, edo lagunekin. Ez duzu fabrikazio azkarraren mundu digitalaren arloa ezagutu beharrik, edonorentzat da, adituak direnentzat, zerbait dakitenentzat edo ezer ere ez dakitenentzat.

Non dago

Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan dago (Urdaneta bidea 6, Abendaño, Zarautz)

Egutegia eta ordutegia

Zabalik izango da otsailaren 5etik aurrera. Ordutegi honekin: astelehenetik ostiralera 17.00-21:00; larunbatetan 10:00-13:00.

Monitorea eta baliabideak

Open Lab Urola Kostan begirale bat izango duzu laguntzeko prest. Bertan dauden tresna, inprimagailu eta baliabideak erabiltzen erakutsiko dizu eta fabrikazio azkarraren mundu digitala ezagutzen lagunduko dizu. Hainbat baliabide daude eskura fabrikazio azkarraren mundu digitalean barneratu eta probatzeko, esperimentatzeko: laser inprimagailua, 3D inpresorak…

Ikus argibide gehiago hemen

1 2 3 4 5 6