Berriak

Atzealdea “45 + indartzen” proiektu berritzailea, 45 urtetik gorako herritarrak lan-munduan txertatu daitezen

40 orduko talde-prestakuntzaz gain, partaideek 3 bakarkako saio jasoko dituzte orientatzaile profesionalen eskutik

2019·04·09


Asko dira 45 urte edo gehiago izan eta lan merkatutik kanpo dauden herritarrak edo lana hobetu nahi dutenak. Gehienek, oso zail ikusten dute lan-mundura itzultzea edo egokitzea; batetik, duten adinarengatik; bestetik, egungo lan mundu aldakorraren eskakizun eta eginkizunetara egokitzeko ezinbestekoa delako birziklatzea.

“45+ Indartzen” programaren bitartez, prestakuntza eskaini nahi zaie 45 urtetik gorako eskualdeko pertsonei. Bereziki lan-munduan txertatzeko edota lan baldintzak hobetzeko zailtasunak dituztenei bideratuta, ekimenaren helburua da garapen pertsonalaren eta profesionalaren bitartez adin tarte horretako herritarrak ahalduntzea. Eskualdeko ongizatean beste urrats bat aurrera egin asmoz, programan parte hartzen duten herritarrek aukera izango dute prestakuntza-erreminta berritzaileez jantzi, munduarekiko begirada aldatu eta, funtsean, lan-ibilbidea indarrez (ber)-ekiteko. 

  • Programaren helburua:  45 urtetik gorako eskualdeko herritarrei aldaketarako indartzea, hobekuntzarako bidea irekitzea eta bakoitzarekiko eta munduarekiko begirada aldatzea, lanera- itzulera indarrez ekiteko.
  • Norentzat: Eskualdeko 45 urtetik gorako herritar guztiei bideratuta; batez ere, lan mundura txertatzeko edo lan baldintzak hobetzeko zailtasunak dituztenentzat.

Programaren xehetasunak

Guztira, 10 saiotan banatutako 40 orduko prestakuntza eskainiko da Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian. Hain zuzen ere, maiatzaren 13tik 24ra bitartean: bi astez, goizez; 09:30etik 13:30era.

Programari hasiera emango zaio maiatzaren 6an egingo den hasiera-ekitaldiarekin (9:30-11:30).  Bertan, programaren xehetasun guztiak azaltzeaz gain, partaide bakoitzarekin adostuko da bakarkako saioen egutegia.

Taldekako prestakuntzaz gain, partaide guztiek 3 bakarkako saio jasotzeko aukera izango dute. 

Argibideak eta izen ematea:

Informazio-saio bat egingo dugu interesa duten herritarrentzat, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko:

  • Eguna eta ordua: apirilak 17, asteazkena, 10:00etan
  • Non: Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Zarautz)

 “45+Indartzen” programan parte hartzeko izena eman behar da, maiatzaren 3a baino lehen. Izena emateko eskaera-orria web gunean jaitsi daiteke edo harreran jaso.

Eskaera-orria, NAN fotokopia eta curriculuma aurkeztu beharko dira, emailez: lanpoltsa@urolakosta.eus posta elektronikora, edo aurrez aurre Urola Kostako Udal Elkarteko egoitzan: Urdaneta bidez 6, 20800, abendaño poligonoa, Zarautz.

Urola kostako Udal Elkartea, Garapen Agentzia

Enplegu eta Lan-orientazio Zerbitzua (Vanessa Garcia, Olaia Sainz)