Berriak
Atzealdea Hazilan 7. edizioa, praktikak enpresetan
2019·02·05
Urola Kostako Udal Elkarteak HAZILAN PROIEKTUAren zazpigarren deialdia egin du. Orain arte, ibilbide emankorra izan du ekimenak Urola Kostan. Aurreko 6 edizioetan zehar, guztira, 94 pertsonek hartu dute parte eta hainbat gaitasun sozioprofesional landu ondoren, laneratzeko prozesuak egin dituzte 39 enpresetan (praktikak, prestakuntza lanpostuan...).
Berrikuntzekin dator 7. edizioa
Bi dira 7.edizio honetako berrikuntzarik azpimarragarrienak. Alde batetik, bereziki indartu da prestakuntza eskaintza. Bestetik, 6.edizioarekin alderatuta, parte hartzaileek enpresetan praktikaldia egiteko aukera izango dute.
HAZILAN proiektuak enpresen premia errealen identifikazioa du oinarri. Premia horien arabera egin izan ohi da edizio bakoitzaren trebakuntza diseinua. Hala, 7. edizio honetarako, partaideei bideratutako prestakuntza sendotu egin da. Izan ere, lehen fasearen baitan, partaideek “Enplegurako prestakuntza profesionalean laneko orientabidea eta kalitatearen sustapena” modulua egingo dute. Trebakuntza konkretu hori, Enplegurako lanbide-prestakuntzaren irakaskuntza (SSCE0110) profesionaltasun ziurtagiriaren baitako prestakuntza-modulua da.
Aldi berean, praktikaldiari ekin aurretik, bogan den eta lan munduan murgiltzeko ezinbestekoa bihurtu den esparru bati buruzko 25 orduko prestakuntza osagarria jasoko dute gazteek. Hain zuzen ere, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketina behar bezala egiteko gakoak ezagutuko dituzte.
Informazio saioa
Informazio-saio bat egingo dugu interesa duten gazte kualifikatuentzat, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko:
- Eguna eta ordua: otsailak 13, 10:00etan
- Non: Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Zarautz)
Programaren xehetasunak
Programak, hiru atal nagusi izango ditu:
- AKTIBATU fasea (80 ordu): prestakuntza
Zeharkako konpetentziak landuko dira bizipen-prestakuntza pertsonalizatua eta integrala eskainiz.
- Egutegia eta ordutegia:
- Noiz: 2019ko otsailaren 25etik apirilaren 16ra
- Egunak: astelehenetik ostegunera 9:30etik 13:30era.
- PRESTATU fasea (25 ordu): Nire marketina sareetan
Helburu orokorra da, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketing-a egiteko gakoak ezagutzea.
- KOKATU fasea (200 ordu): praktikak enpresetan
Lanbide-profilaren arabera, benetako lan esperientzia lortuko da.
- Egutegia eta ordutegia:
- Noiz:maiatza -uztaila
- Egunak: astelehenetik ostiralera, gehienez ere 6 orduko lanaldia
Egutegia, ordutegia edota izen-emateari buruzko xehetasun gehiago hemen
Programa operatiboa 2016-2020 Hazilan proiektuak 5 urteko iraupena izango du (2016an hasi eta 2020an amaituko da). Proiektu hori Garapen Elkarteak (Garapen Agentzien Euskal Elkarteak) koordinatuko du eta 20 garapen agentziak hartuko dute parte, tartean Urola Kostako Udal Elkarteak. Proiektuaren %50 Europako Gizarte Funtsak (EGIF) finantzatuko du eta beste %50 garapen agentzia bakoitzak (gure kasuan Urola Kostako Udal Elkarteak).