Berriak

Atzealdea Mikropreben programaren 7. edizioa, laneko arriskuen arloko prestakuntza

Para pequeñas empresas de la comarca. Plazo de inscripción hasta el 26 de octubre

2018·10·19


Urola Kostako Udal Elkartetik babesa eskaini nahi zaie beren eguneroko lan-jardunean prebentzioa integratu nahi duten enpresa txikiei (25 langile arte). Enpresa guztiek ez dituzte ezaugarri berak eta neurrira egindako prebentzio-kudeaketa beti izango da eraginkorragoa. Horretarako, ezinbestekoa da gutxieneko prestakuntza jaso eta beharrezko dokumentazio guztia prestatzea. Enpresa txikiei egiteko horiek erraztera dator Mikropreben programa. 

Beti ere, enpresentzako kostu gehigarririk gabe, jasotako prestakuntzarekin, enpresa arduradunak gai izango dira beren enpresetan prebentzioaren kudeaketa beregain hartzeko; hau da, beren lan-jardunari dagokion laneko arriskuak identifikatu eta legeak eskatzen duen dokumentazioa prestatu eta lantzeko oinarrizko ezagutzak eskuratuko dituzte.

Programa honetan parte hartzen duten enpresek, batetik, prestakuntza teoriko nahiz praktikoa jasoko dute (azaroan zehar, 10 saio), eta ondoren, aukera zabalduko da, beren enpresako prebentzio plana idatzi eta prestatzerako garaian,  laguntza eta aholkularitza jaso dezaten. Aldi berean, enpresa txikiei egokitutako dokumentazioa eskainiko da, ulerterraza, erabat aplikagarria eta elebitan; euskaraz nahiz gaztelaniaz, alegia.

Programaren xehetasunak

Guztira, 30 orduko prestakuntza eskainiko da  Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian. Zehazki, hilabeteko iraupena izango du ikastaroak; azaroaren 5ean hasi eta 26ra arte. Arratsaldez, 14:00etatik 17:00etara, 3 orduko 10 saiotan antolatu da ikastaroa. Eskolak astelehen, asteazken eta ostiraletan izango dira.

Prestakuntza saioetan ondorengo eduki zehatzak landuko dira:

  • Laneko segurtasun eta osasun arloan oinarrizko kontzeptuak
  • Arrisku orokorrak eta bere prebentzioa
  • Arrisku espezifikoak jardueraren arabera eta bere prebentzioa
  • Lan arriskuen prebentzioaren kudeaketarako oinarrizko arloak
  • Lehen sorospena

Programa egonkorra bezain gomendagarria

Gutxienez pertsona bat kontratatua duen enpresak lan arriskuen prebentzioaren arloko 31/1995 Legea bete behar du. Prebentzioa antolatzeko, ordea, aukera edo modalitate ezberdinak daude enpresa-jarduera, tamaina eta dituen baliabideen arabera.

Hauek dira LAP-ko Legea betetzeko arrazoi nagusieneak:

  • Legearen aurrean, enpresaburua bera da arduradun bakarra.
  • Ez-ezagutzak ez du erantzukizunetatik salbuesten.
  • KPZ kontratatzeak ez du erantzukizunetatik salbuesten.

Legea ez betetzeak mota ezberdinetako hainbat arau-hauste egitera eraman dezake enpresaburua; hala nola, arau-hauste administratiboak, sozialak, zibilak, penalak edota diziplinazkoak.

Hala, hauexek dira programaren helburu nagusienak:

  • Eskaini laneko arriskuen prebentzioan oinarrizko ezagutzak eskualdeko enpresa txikiei
  • Erraztu enpresa arduradunei prebentzio arloan legearen eskakizunak betetzen
  • Eskaini betebeharrak egikaritzeko tresna egokituak

Urola Kostako Udal Elkarteak 2010. urtean ekin zion Mikropreben programa jorratzeari.

Orduz geroztik, urtez-urte egonkortzen joan den ekimena izan da eta ibilbide emankorra bezain oparoa izan du. Orotara, aurreko 6 edizioetan, 39 enpresa eta 40 enpresa-ordezkarik hartu dute parte.

Informazioa eta izen-ematea

Izena eman edota informazio gehiago jasotzeko, idatzi iezaguzu e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez: