Berriak

Atzealdea Abian da, bigarrenez, “ EKITEN, ekintzaile eta enpresarien ekosistema”

Helburu nagusia da ekintzaile eta enpresarien lana aitortu eta ezagutzera ematea eta laguntza eta baliabideak eskaintzea.

2019·02·07


Urola Kostako Udal Elkarteak abian jarri du, bigarrenez, "EKITEN, ekintzaile eta enpresarien ekosistema" egitasmoa. Ekimenaren helburu nagusia da ekintzaile eta enpresarien lana eskertu eta ezagutzera ematea. Eta, jakina, beren lana balioan jartzea. Izan ere, Urola Kostan ekintzaile eta enpresari asko ari  dira proiektu, negozio eta enpresak aurrera ateratzen. Azken finean, lan horrek gure eskualdeari ekartzen dion onura ekonomiko eta soziala ezagutzera ematen jarraitu nahi dugu.

Aldi berean, beren arteko harremana sustatu nahi dugu eta izan ditzaketen beharrei erantzuteko laguntza eta baliabideak eskaini nahi zaizkie.

Ekimen ugari 2019ra begira

“EKITEN, ekintzaile eta enpresarien ekosistema” ekimenaren baitan hainbat proiektu garatu ziren 2018 urtean zehar.

Besteak beste, egindako lanaren adibide da  gure eskualdeko 4 ekintzailerekin osatutako ondorengo bideoa:

 

 

Urola Kostako Enpresa Sustapeneko zerbitzutik, ekintzaile eta enpresarien negozio ideiak landu eta sendotzeko  hainbat ekimen jarriko dira martxan urte osoan zehar. Beti ere, aurtengorako adostutako ondorengo bi helburu nagusiei erantzuteko asmoz:

  • Ekintzaile eta enpresarien lana eskertu, baloratu, azaleratu eta zabaldu.
  • Ekintzaile eta enpresariek izan ditzaketen beharretan oinarritutako ekimen eta prestakuntza ezberdinak antolatu.

Jada eman zaio hasiera egitasmoari. Hain zuzen ere, urtarrileko azken astean, pertsona ekintzaileei edota mikroenpresetako enpresariei bideratutako sare sozialei buruzko 12 orduko ikastaroa eskaini baita.

Ildo beretik, otsailerako aurreikusita dago ekintzaile eta enpresari txikientzako prestakuntza saio bat. Gizarte Segurantzaren baitako autonomoen legedian 2019rako egondako berrikuntzei buruzko tailerra egingo da. Saio bakarreko ikastaro trinkoa izango da. Guztira, ordu eta erdiko  prestakuntza eskainiko da  Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian.  Otsailaren 22an, goizez: 09:30etik 11:00etara.

Martxoan salmenta eta komunikazioari buruzko hainbat tailer praktiko egingo dira (Laster zabalduko da informazioa).

Argibideak

Egitasmoari buruz eta urte osoan zehar burutuko diren ekimen ezberdinei buruz informazio gehiago jasotzeko, hona hemen informazio-guneak:

www.ekiten.org 

   Ekiten – Urola Kosta

   Ekiten_urolakosta

Ekimen honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eta babesa jaso du "Enpresak Sortu eta garatzeko prozesuan laguntzeko programaren» baitan (2018ko deialdia).