Berriak
Atzealdea Uda sasoiaren harira, lan eskaintzak kudeatzeko eta baita lana bilatzeko aukera ere eskaintzen du Urola Kostako Udal Elkartearen lan poltsak
2023·06·13
Eskualdeko garapen ekonomikoa bermatzea da Urola Kostako Udal Elkartearen helburu nagusietako bat eta bide horretan, enplegua sustatzea lan lerro estrategikoa da.
Udal Elkarteak bere lan poltsa propioa dauka, hain zuzen, eskualdean suerta daitezkeen lan eskaintzak indartzeko eta bideratzeko. Lan poltsaren helburu nagusia da eskualdeari dagozkion lan eskaintza guztiak plataforma baten pean jasotzea eta guztiak bertatik kudeatzea, erraztasunak eskainiz bai lana eskaini nahi duten establezimendu edota enpresei zein lana bilatzen duten herritarrei ere.
Hori horrela, Urola Kostako Udal Elkartearen lan poltsaren bitartez, langileak behar dituzten establezimendu edota enpresek beren eskaintzak kudeatu ditzakete, eta, aldi berean, lan bila dabiltzan herritarrek lan poltsa honetan kontsultatu ditzakete eskualdean indarrean dauden eskaintza guztiak.
Udal Elkarteak, lan eskaintza kudeatzeaz, hautagaia bilatzeaz eta lan eskaintza bakoitzari dagokion hautagai egokienen curriculumak bidaltzeaz arduratzen da langile bila dabiltzan enpresa edota negozio jabeei. Zerbitzua 100%ean diruz lagunduta eskaintzen du, lan poltsaren bitartez enpresa edota establezimendu horien langile premia asetzeko.
Modu horretara, erraztasunak eskaintzen dizkie bi aldeei, bai lan eskaintza egiten ari den enpresa edo establezimenduari eta baita lan bila dagoen herritarrari ere, bakoitzari bere profilera egokitzen den langilea edo lan eskaintza eskainiz.
Uda sasoirako lanpostuak
Orain, uda ate joka dugun honetan, nabarmen hazi ohi dira lan eskaintzak, bereziki merkataritzari edota ostalaritzari loturikoak, bisitarien etorrerarekin asko izaten baitira udako hilabeteetarako langileak behar izaten dituzten establezimenduak.
Hori horrela, Udal Elkarteko lan poltsak ere eskaintza gehiago jaso ohi ditu hilabeteotan eta, horren harira, lan eskaintza egiteko edota lana bilatzeko Urola Kostako Udal Elkarteko lan poltsaz baliatzeko deialdia egiten du Udal Elkarteak, eskualdean kalitatezko enpleguari lekua egin eta bultzada emateko.
Horretarako bi bide daude:
- Udal Elkartearekin zuzenean harremanetan jarri: 943890808 / lanpoltsa@urolakosta.eus
- On-line plataformaren bitartez eskaera egin: www.enplegua-urolakosta.org
Argibideak edota informazio gehiago jasotzeko
Enplegu Zerbitzua (Vanesa Garcia, Olaia Sainz)
- Tel. 943890808
- lanpoltsa@urolakosta.eus