Berriak

Atzealdea Aniztasunaren kudeaketa Urola Kostako enpresetan

Parte hartzen duten enpresek aniztasuna nola kudeatzen duten neurtu eta, diagnostikoaren emaitzen arabera, aniztasuna kudeatzeko plan zehatzak garatzeko aukera izango dute, aholkulari aditu baten laguntzarekin

2018·05·04


Gaurko gizarteen aniztasuna gero eta handiagoa denez, aniztasuna da gizarteen garapeneko faktore erabakigarrienetako bat. Estatistika soziodemografikoek aniztasun hori erakusten eta nabarmentzen digute: emakumeen lan munduratzea, migranteen errealitatea, bizitzeko eta sentitzeko moduen ugaritasuna, bizitza esperantza luzatzea, ezgaitasunen bat duten pertsonen laneratzea…

Horren guztiaren ondorioz, gero eta ohikoagoa da enpresa edo organizazio batean askotariko bizimodu, joera eta ezaugarriak dituzten pertsona eta langileen arteko interakzioa.

Enpresak gizartean txertatuta daude eta, beraz, aniztasun eta ugaritasun horrek dakartzan aldeketen eraginpean daude. Aniztasun handiago hori bereziki enpresaren antolaketan antzematen da eta dagoeneko horren homogenoak ez diren eta ezberdinak diren pertsonez osatutako lantaldeak kudeatu beharra sortzen da. Aniztasuna nabarmen handitu denez, ezinbesteko bihurtu da enpresa eta organizazioentzat gaiari heldu eta beste era batera kudeatzeko premia. Aniztasuna kudeatzea gaur gaurkoz enpresa ororen zuzendaritzaren eginkizunetako bat da, enpresaren tamaina edozein dela ere.

Aniztasuna egoki kudeatzeak ugaritasun hori hobeto baloratzea eta diskriminazioak eragindako kostuak murriztea dakar, baina baita ere sormena eta eraginkortasuna irabaztea, aniztasunak ikuspegi ugari dakartzalako, testuinguru kultural eta ekonomiko ezberdinak kontuan hartzea dakarrelako eta horrek merkatu globaletan negozio aukera berriak sor ditzakeelako. Aniztasunak, beraz, ateak zabaltzen dizkio enpresaren jardunari, baina giza baliabideak kudeatzeko hainbat galdera ere sortzen ditu, ohiko kudeaketa ereduek ez dutelako bere horretan balio.

Aniztasunaren kudeaketa Urola Kostako enpresetan

Hori guztia kontuan hartuta, Urola Kostako Udal Elkarteak "Aniztasunaren Kudeaketa Urola Kostan" egitasmoa jarri du abian. Egitasmo honen helburu nagusia da enpresetan aniztasunak eragin litzakeen aukerak ulertzea eta horren aurrean enpresak dituen erronkei nola aurre egin ikastea.

Horretarako, programan parte hartzen duten enpresekin bi lan hauek egingo ditugu:

  • Enpresetan aniztasunaren kudeaketa neurtzeko diagnostikoa.
  • Diagnostikoaren emaitzen arabera, aniztasuna kudeatzeko plan zehatza egingo dugu, enpresa bakoitzaren errealitatera egokituta, aholkulari aditu baten laguntzarekin.

Parte hartuko duten enpresei ziurtagiria emango zaie, hain zuzen ere, beren erakundeetan aniztasunaren kudeaketa egiaztatzen duen ziurtagiria.

Norentzat

Programa honetan Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresek har dezakete parte, jarduera eta tamaina edozein dela ere.

Informazioa eta izen-ematea

Aniztasunaren kudeaketaren programan parte hartzeko izena eman behar da, maiatzaren 15a baino lehen.

Argibideak jasotzeko edo izena emateko, jarri gurekin harremanetan:

  • Urola Kostako Udal Elkartea
  • Garapen Agentzia (Idoia Etxarri, Eli Uzkudun))
  • Tel. 943890808
  • enpresa@urolakosta.eus