Berriak
Atzealdea www.sorkide.eus erakusleiho digitalari bultzada emateko apustu irmoa
2018·12·12
Ataria biziberritzeko apustua
Atariaren xedea da Urola Kostako Kultura eta Sormen Industrietako eragileak eta jarduerak ezagutzera eman ez ezik, horiek balioan jartzea; estrategikoki, lankidetzaren bidetik. Sareko espazio ireki bat da eta KSI sektorean dihardutenen lanari ikusgarritasuna eskaintzera dator erreminta. Baita sektorea dinamizatu eta eragile publiko zein pribatuen arteko topagune izatera ere.
“KSI Urola Kostan: asmoak sortu eta zertu” egitasmoan zehar, guztira, KSI alorreko 132 pertsona, enpresa eta eragilek hartu dute parte. Gaur- gaurkoz, gutxi gorabehera horietatik herena dago ikusgai www.sorkide.eus atarian, eta beste horrenbestek agertu dute atarian izen-emateko interesa.
Eskualdeko sektorearen behin-betiko mapeoa osatzeaz gain, asmoa da erakusleiho digitalera erakartzea KSI sektorean diharduten ahalik eta enpresa, eragile eta norbanako gehien. Mahai estrategiko sektorialak atzo (abenduak 11) egindako urteko azken bileran, erronka finkatu da: urte beteren buruan, orain arteko partaide guztiez gain, ahalik eta eskualdeko sektoreko eragile gehienengana iritsi, eta plataforma digitalean izena eman dezaten lortu nahi da.
11 aukera lankidetzarako bidean
Aukera zabala eskaintzen du plataformak eta sektoreko mahai estrategikoetan landutako helburuak erdiesteko, potentzial handia duen tresna dela esan daiteke. Diseinu soila izatez gain, ataria garatzerakoan erabilerraztasunaren alde egin da. Ahalik eta norbanako gehienengana iristeko borondatez, herritar orok nabigatzeko modukoa da eta sektorean aniztasuna kontua izanik, edozein eragilek izen-eman dezan propio pentsatu eta diseinatutako askotariko aukeradun plataforma da.
Alde batetik, izen-emateko aukera zabaltzen zaie sektorean diharduten norbanakoei, eta zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa edo elkarteei. Kultur jardueretara bideratutako aretoek ere profil propioa sortzeko aukera dute. Sortzaileei bideratuta, 3 esparrutan banatuta ia 20 azpi-diziplinetan izen-emateko aukera zabaldu da. Eta zerbitzuen kasuan, sektorean diharduten enpresa edota elkarteak 5 kategoriatan banatutako zerbitzu aukeraketa egin dezakete. Izaera eta erabilera anitzeko areto-espazioak eskaintzeko garaian, lau taldeko sailkapena egin da.
Behin izena emanda, erabiltzaileek aukera dute interesgarriak iruditzen zaizkien taldeetara elkartzeko. Hala, informazioa partekatu, beste erabiltzaileen berri izan eta martxan diren proiektuen berri izango dute zuzen- zuzenean.
Bestetik, eskualdean Kultura eta Sormenezko Industrien alorrarekin zerikusia duten albiste eta informazioak eguneratuko dira, astero- astero. Eta sormen nahiz kultur ekitaldiak ere iragarriko dira pixkanaka- pixkanaka osatzen joango den 5 herrietako kultur agenda bateratuaren bidetik.
Azkenik, azpimarragarria da diziplina ezberdinen arteko beharrak asebete, sinergiak bilatu eta elkarlanaren bidetik aurrera egiteko, lankidetza proiektuei bideratutako atala. Iragarki txoko modura funtzionatzen duen atala da. Bertan, artista eta sortzaileek beren proiektuak ontzerakoan, proposamenak, kontsultak, eskaerak edota kolaborazioak partekatzeko aukera izango dute.
Argibideak eta izen-ematea
Atari digitala izaki, balio- erantsi moduan azpimarratu daiteke edozein unetan eta edonondik erregistratzeko aukera. Hala eta guztiz ere, Udal Elkartetik egindako dinamizazio lanarekin batera, atarian bertan izen-emateko aholkularitza ere eskainiko da.
Urola Kostako Udal Elkarteak dei egiten die KSI sektorean diharduten eragile guztiei atarian izen-eman dezaten. Eta aldi berean, lanak errazte aldera, aholkularitza eta erabiltzaile gida eskainiko die interesa agertzen duten guztiei. Ekimenean parte hartzeko laguntza behar izanez gero, nahikoa da Udal Elkartera deitu edota mezu elektroniko bat idaztea:
Urola Kostako Udal Elkartea,
- Tel. 943 890808
- sorkide@urolakosta.eus
- Urdaneta bidea 6, 20800 Zarautz
Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutako ekimena. “Urola Kosta Sortzailea” egitasmoa kofinantzatzen du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekarako Departamentuak: "Gipuzkoako lehiakortasuna eta lurralde kohesioa sustatzeko 2017. urteko programa”.