Berriak
Atzealdea Emakumeak ahalduntzeko eta lan-munduan murgildu daitezen, martxan da “EMA+Indartzen” ekimen berritzailea
2021·10·04
Enplegu eta Orientazio Zerbitzuaren eskutik eta KONPETENTZIEN ESKOLA zerbitzuaren baitan, “EMA+Indartzen” prestakuntza ekimen berritzailea abiarazi du Urola Kostako Udal Elkarteak. Eskualdeko emakumeei bideratutako programa da; ahaldundu daitezen, eta, batez ere, lan-munduari begira gaitu eta bidea egin dezaten.
Zalantzarik gabe, eskualdeko garapen eta ongizatean jauzi kualitatibo berri bat egitea ahalbidetuko du egitasmoak; prestakuntza-erreminta berriak barneratu eta baliabide profesionalez jantzi ondoren, emakumeen ahalduntzea eta laneratzea errazagoa izango da-eta.
- Programaren helburua: helburu nagusia da parte hartzaileak ahalduntzea eta lan-merkatuan murgildu daitezen gaitzea; aldaketarako sendotuz, etengabeko hobekuntzarako bidea irekiz eta begirada-aldaketa eraginez; beti ere, laneratzea errazteko.
- Hartzaileak: eskualdeko adin ezberdinetako emakumeei zuzendutako programa da; bereziki, laneratzeko zailtasunak dituztenentzat eta programa baliabide digitalen bitartez burutzeko autonomia eta aukera dutenentzat.
Programaren xehetasunak
40 orduko prestakuntza prozesua izango da; 4 orduko 10 saiotan banatua. Ikastaroak bi aste iraungo du; hain zuzen ere, azaroaren 17tik 30era. Saio guztiak goizez izango dira; 09:30etik 13:30era, Udal Elkartearen egoitzan nahiz digitalki. Beraz, parte hartzen dutenek saioetara digitalki konektatzeko aukera izango dute.
Taldekako prestakuntzaz gain, partaide guztiek bakarkako 3 coaching saio jasoko dituzte. Azaroaren 5ean egingo den hasiera-ekitaldiarekin (9:30-11:30) emango zaio hasiera ekimenari. Bertan, programaren xehetasun guztiak azaltzeaz gain, partaide bakoitzarekin adostuko da bakarkako saioen egutegia.
Argibideak eta izen-ematea:
Informazio-saio bat egingo dugu interesa duten herritarrentzat, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko:
- Eguna eta ordua: urriak 14, osteguna, 10:00etan
- Non: on line izango da; Gotomeeting plataformaren bidez.
- Informazio saioan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da galdetegia beteta. Ondoren, saiora sartzeko esteka jasoko du interesdunak bere posta elektronikoan.
Dagoeneko zabalik dago izen-ematea (urriaren 29ra arte). Izena emateko orria eskura dago Udal Elkartearen egoitza elektronikoan. Edozein kasutan, tramitazioa elektronikoa egin ezin dutenek, egoitzan elektronikoan dokumentua deskargatu, bete eta Udal Elkarteko egoitzara bertaratu beharko dute.
Argibideak edota informazio gehiago jasotzeko:
Urola kostako Udal Elkartea, Garapen Agentzia
Enplegu eta Lan-orientazio Zerbitzua (Vanessa Garcia, Olaia Sainz)
- Tel. 943890808
- lanpoltsa@urolakosta.eus