Berriak
Atzealdea Eskualdeko sailkatze indize orokorra %70aren inguruan egonkortu bada ere, erantzukizunez jokatzeko deia herritarrei
2021·11·26
Hondakinak Murrizteko Europako Astea (EWWR, ingelesez) izan da azaroaren 16tik 24ra bitartean. Europa mailan, hondakinen prebentzioari buruzko kontzientzia sortzeko eta herritarren sentsibilizazioa eta praktika onak sustatzeko ekimen nagusiena da.
Testuinguru horretan, bada eskualdeko garapen jasangarriari begira mugarri den datu esanguratsua: 2019ko lehen seihileko datuekin alderatuta, etxeko hondakinen guztizko sorrera %3,5 murriztu da eskualdean 2021.urtean. Eta behin ahalik eta hondakin gehien murriztuta, erreparatu beharreko hurrengo datua bildutako hondakinen sailkatze indizea litzateke.
2018an hondakinak biltzeko sistema berria ezarri ezkeroztik, positiboa izan da Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian bereiztuta jasotako hiri hondakinei buruzko datuen bilakaera. Sistema berriz ezarri eta urtebetera, sailkatuta bildutako hondakinen ehunekoa 20 puntu baino gehiago igo ondoren, gaur egun, eskualdeko sailkatze indize orokorra %70aren inguruan egonkortu da. Igoera orokorraz haratago, gainera, azpimarragarria da ondo sailkatuta bildutako hondakinen kopurua arloz arlo (kaleko edukiontziak, establezimenduetako eta enpresetako puntuz puntuko bilketak, garbiguneak…) hobetu izana.
Erantzukizunez jokatzeko deia
Sistema ezarriz geroztik bilakaera positiboa izan da eta hasiera-hasieratik erakutsi dute herritarrek jarrera ezin hobea. Edozein kasutan, eta herritar gehienek zerbitzuaren erabilera zuzena egiten badute ere, badira hondakinak egoki sailkatzen ez dituzten herritarrak. Tamalez, gutxi batzuen jarrerek eragina dute herritar guztiengan. Horregatik, Udal Elkartetik dei irmoa egin nahi zaie herritar guztiei erantzukizunez, arduraz eta ingurumenarekiko begirunez joka dezaten. Izan ere, datuak datu, badira berandu baino lehen hobetu beharrekoak:
- 1.Debekatuta dago poltsak edukiontzien kanpoaldeetan uztea
Erabat debekatuta dago hondakin poltsak edukiontzien kanpoaldeetan uztea. Eta derrigorrezkoa da hondakin frakzio bakoitza dagokion edukiontzian sartzea.
Merkataritzako eta ostalaritzako sortzaileek organikoa, kartoia eta errefusa biltzeko puntuz puntuko zerbitzua dutenez, inolaz ere ezin dituzte bota organikoaren eta errefusaren poltsak herritarrentzat prestatutako edukiontzietara.
- 2.Txartel bidez ireki behar dira, nahitaez, errefusaren eta organikoaren edukiontziak
Ezinbestekoa da txartela errefusaren eta organikoaren edukiontziak irekitzeko. 2016an Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak hondakinen bilketa zerbitzua mankomunatzeko akordioa onartu ezkeroztik, bost udalerrietako errefusaren eta organikoaren edukiontziak txartel bidez irekitzen dira. Helburua da sailkatuta jasotzea ahalik eta hondakin gehien, gero birziklatu ahal izateko.
Txartel bakoitza etxebizitzari dagokio, eta soilik irekitzen ditu norberaren etxebizitzari dagozkion bilketa puntuko organikoaren eta errefusaren edukiontziak. Txartela galdu edota hondatuz gero, berri bat eskuratu ahalko da udaletxean edo Udal Elkartean. (943 890808; hondakinak@urolakosta.eus ).
- 3.Herri bakoitzari dagokion egunean, 20:00etatik 22:00etara eta ahalik eta txukunen utzi behar dira hondakin handiak
Hondakin handiak (altzariak, etxeko tresna elektrikoak, aparailu elektronikoak…) ahalik eta txukunen utzi behar dira edukiontzien eremuetan. 20:00etatik 22:00etara, herri bakoitzari dagokion egunean: Aian eta Getarian astelehenetan; Orion asteartetan; Zarautzen asteazkenetan eta Zumaian ostegunetan. Nahi izanez gero, erabiltzaileek garbiguneetara ere eraman ditzakete hondakin horiek guztiak.
Etengabeko hobekuntzaren bidetik
2021eko lehen seihilekoan eskualdean jasotako sailkatze tasa orokorra %68,36koa izan da. Gutxieneko helburuetatik haratago eta sailkatuta ahalik eta hondakin gehien jasotzeko helburuz, Udal Elkartetik hainbat doikuntza eta hobekuntza bideratu dira.
Eta Udal Elkarteak lanean jarraituko du, etengabeko hobekuntzaren bidetik, zerbitzua indartu eta eskualdean ahalik eta birziklatze mailarik altuena lortzeko helburuarekin.