Berriak

Atzealdea Aurrera doaz ZAINDU UROLA KOSTA ekimeneko prestakuntzak

28 pertsonek dagoeneko amaitu dute ‘SSCS0208 Mendeko pertsonei gizarte-erakundeetan gizarte-eta osasun arreta’ Lanbide Ziurtagiriaren fase teorikoa, eta, orain, eskualdeko egoitzetan praktiketan hasi dira. Urrian, beste bi talde osatuko dira, bata online eta bestea aurrez aurrekoa. Izen-ematea dagoeneko zabalik dago Oteitza Lizeo Politeknikoan.

2023·07·14


Etorkizuneko aurreikuspenen arabera, mendekotasun-tasak gora egiten jarraituko du datozen urteetan eta, horrenbestez, zahartzeak garrantzia izango du, eta, zaintzari lotutako enpleguak gora egingo dute.

Ildo horretan, adineko pertsonei eskainitako zaintza kalitatezkoa izan dadin, ezinbestekoa da zaintzaileen kualifikazio egokia bermatzea eta hain zuzen horretarako, Urola Kostako Udal Elkarteak ‘Zaindu Urola Kosta’ prestakuntza ekimena jarri zuen martxan 2022ko abenduan.

Ekimenaren helburua da eskualdean zaintza arloan dauden edo egon nahi duten zaintzaileek gaitasun tekniko zein zeharkakoak jaso eta barneratzea.

28 partaide ekimenaren lehen edizioan

Horri jarraiki, abenduan ‘SSCS0208 Mendeko pertsonei gizarte-erakundeetan gizarte-eta osasun arreta Lanbide Ziurtagiria’ eskuratzeko hiru talde osatu ziren, bi aurrez-aurrekoak eta hirugarrena online (teleformazioa). Guztira 28 herritarrek parte hartu dute ‘ZAINDU Urola Kosta’ ekimenaren lehen edizio honetan eta oso emaitza onak lortu dituzte guztiek.

Izan ere, aurrez-aurreko talde batek zein online taldeak ekainean amaitu zuten jada formakuntzaren atal teorikoa eta orain, eskualdeko erakundeetan praktiketan hasi dira. Prestakuntza jaso bitartean, akonpainamenduko bakarkako saioak izan dituzte bakoitzaren gaitasun pertsonal eta profesionalak lantzeko.

Aurrez aurreko beste taldeko 15 parte hartzaileek, 2023ko abenduan amaituko dute atal teorikoa, bakarkako akonpainamenduarekin batera.

2023an bi prestakuntza gehiago

Horiez gain, 2023an, beste bi prestakuntza eskainiko dira, urritik aurrera. Kasu honetan, bata aurrez-aurreko prestakuntza izango da eta bestea, online modalitatekoa.

Prestakuntza hauek ere, noski, zaintza alorrean lan egin nahi duten eskualdeko herritarrei zuzenduta daude eta izen ematea dagoeneko zabalik dago. Hori horrela, interesdunean Oteiza Lizeo Politeknikoarekin jar daitezke zuzenean harremanetan matrikula egiteko (Gipuzkoa kalea, 5, 20800 Zarautz / 943 11 10 00).

Urola Kostako Zaintza Mahaia

Prestakuntza-ibilbide hori Urola Kostako Eskualdeko Zaintza Mahaiak diseinatu du, eta, bertan, eragile publikoek eta pribatuek parte hartzen dute. Zaintza sektorea etorkizuneko enplegu-ardatz gisa baloratzea izan da ibilbide profesional hori diseinatzeko arrazoi nagusia. Ibilbide profesional hori neurrira sortu da, hau da, eskualdean zaintza arloan identifikatutako beharrak asetzeko.

Egitasmoa, Gipuzkoako Foru Aldundiak “Elkar-EKIN lanean” enplegagarritasunerako eta aktibazio inklusiborako estrategia eta Lanbide- Euskal Enpleguak diru-laguntzaren xederako ematen dien finantzaketa bidez aurrera eramaten da.

“Zaindu Urola Kosta” proiektua gauzatzeko, eskualdeko hainbat eragileekin sarea osatu du Udal Elkarteak:

● Eskualdeko Lanbide- Euskal Enplegu Zerbitzua

● Eskualdea osatzen duten bost udaletako Gizarte Zerbitzuetako saila (Aia, Getaria, Orio, Zarautz, Zumaia)

● Zarauzko Udaleko immigrazio saila

● Oteitza Lizeo Politeknikoa

● Urola Kostako Ikaskuntza Bitartekaritza Zerbitzua (Ikaslan Gipuzkoa)

● Pinpirin Orio SL

● Matia Fundazioa - Otezuri egoitza

Ekimena 2022-2024 bitartean eskainiko da. Aipatutako Lanbide ziurtagiriaz gain, beste hainbat ekintza daude:

  • Diagnostikoa: Eskualdeko zaintza arloko egoera zein den ezagutu nahi da, eta informazioa jasotzeko elkarrizketak: eragile, familia, erakunde, zaintzaile, eta abarrei
  • Gaitasunak egiaztatzeko akonpainamendua: Zaintza arloko ezagutzak edota esperientzia egiaztatzeko aholkularitza zerbitzua eskaintzen da
  • Zaindu lan-poltsa: Zaintza arloko eskaintzak kudeatzen dira. Zaintzarako profesionala behar duen familiak edo erakundeak edota zaintza arloan lan egin nahi dutenek lan-poltsan izena eman dezakete
  • Akonpainamendua: Prestakuntzan zehar akonpainamendua eskainiko da, norberaren gaitasun pertsonalak eta profesionalak lantzeko.
  • Etengabeko prestakuntza: 2023ko udazkenetik aurrera, zaintza arloko profesionalizaziorako, herritarrei zuzendutako prestakuntza saioak (emozioen kudeaketa, euskara...) eskainiko dira.
  • Sentsibilizazioa: 2023ko udazkenetik aurrera, familia zein herritarrei zuzendutako zaintza arloko lan-baldintzei buruzko informazio saioak eskainiko dira.

Argibideak edo informazio gehigarria

Egitasmoari buruzko informazioa nahi izanez gero, sareko eragileengana jo daiteke edota 943890808 telefonora deitu.