Berriak

Atzealdea BISION TALENT ekimenaren baitan, talentua erakarri eta mantentzeko giltzarriak aurkeztuko zaizkie eskualdeko enpresei

Ekainaren 21ean izango da enpresentzako jardunaldia; 09:00etatik 13:00etara, Urola Kostako Udal Elkartean

2019·06·19


Gaur egun, baditugu enpresetan talentua garatzeko eta erakartzeko lanean ari diren hainbat enpresa. Eredugarriak dira beren jardunean, eta,  funtsean, pertsonen enplegagarritasuna nahiz enpresen jasangarritasuna hobetzeko dihardute lanean. Talentua zaindu ez ezik, langileen garapenean balio bereizgarri gisa ulertzen dute. Ondorioz, gainerako enpresetatik bereiztea lortu eta emaitza emankorrenak erdiesten dituzte.

Datu ekonomikoak aztertuz gero, Gipuzkoan nahiz Urola Kosta eskualdean, goranzko joera du enpleguak. Alabaina, lan merkatuak gora egin ahala, zailagoa izango da talentua mantentzea. Izan ere, Adegiko Enplegu Behatokiaren 2029 urteko eszenatokiari erreparatuz gero, hainbat lanpostu betetzeko zailtasunak izango dira epe ertainera begira. Hala, lehiakorragoak izango dira, nabarmen, talentua erakartzen eta mantentzen dakiten enpresak.

Helburuak

Egitasmo honen helburu nagusia da enpresek talentua kudeatzeko dituzten aukerak mahairatzea, eta, bide batez, talentua aldegitea ekiditeko estrategien bitartez identifikatutako mehatxuari aurre egitea. Esan nahi baita:    

  • Talentua kudeatzeak sortzen dituen onurez jabetzea eta gaian arrakasta izan duten enpresek jarraitu dituzten estrategiak ezagutzea.
  • Europa eta mundu mailan talentua erakartzeko eta mantentzeko enpresa arrakastatsuen eredua izatea.
  • Eskualdeko enpresei talentua mantentzeko eta erakartzeko izan ditzaketen tresnak ezagutaraztea.

Talentua oinarri, etorkizuneko enpresa helburu

Zure enpresa lan egiteko erakargarria dela uste al duzu? Zein estrategia garatzen dituzten eredu diren enpresek? Gure enpresetan talentua erakarri eta mantentzeko zein estrategia erabil ditzakegu?

Galdera horiei erantzun asmoz antolatu da eskualdeko enpresei bideratutako jardunaldia. Bertan, nazioarteko eta inguruko enpresen jardunbide egokiak elkartrukatuko dira, baita atzerrira joandako pertsona talentudunen esperientziak ere.

Ekainaren 21ean, ostiralean, egingo da eskualdeko enpresei bideratutako jardunaldia. Saioa Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian izango da; goizez 09:0etik 13:00era.

  • Eguna: Ekainak 21
  • Ordua: 09:00etik 13:00etara
  • Lekua: Urola Kostako Udal Elkartean (Urdaneta bidea 6, Zarautz)

Argibideak eta izen-ematea

Izena eman edota informazio gehiago jasotzeko, jarri gurekin harremanetan: 

Urola Kostako Udal Elkartea,

Enpresentzako Zerbitzuak (Idoia Etxarri, Olaia Sainz)

  • enpresa@urolakosta.eus 
  • Tel. 943890808

 

Egitasmo hau kofinantzatuko da Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia sustapeneko, Landa inguruneko eta lurralde orekarako Departamentuaren « Enpresetan pertsonen talentua eta ikaskuntza sustatzeko programan » 2018. urteko programaren bidez.