Berriak
Atzealdea Lankidetzarako aukera berriak identifikatzeko asmoz, Urola Kostako 7 ekimen arrakastatsu aurkeztuko dira Irunen
2019·05·24
Urola Kostako Udal Elkarteak eta Bidasoa Bizirik Garapen Agentziak elkarlanean garatutako “Networking, Industria Sortzailea Bidasoa-Urola Kosta” ekimenaren baitan, gure eskualdeko 7 ekimen arrakastatsu aurkeztuko dira hurrengo astean Irunen ospatuko den sortzaileen arteko topaketan.
Eskualde arteko zubiak eraiki eta lankidetza nahiz parte-hartzeari helduta antolatu dira sortzaileen arteko topaketak. Ekimenaren helburua da lankidetzarako aukera berriak identifikatzea, sormen industrietako sektoreko enpresen iraunkortasuna bermatu eta lehiakortasuna hobetzen lagungarri izango delakoan. Ezagutzak partekatu eta sarean lanean (networking) jarri nahi dira Bidasoa Txingudi eta Urola Kostako sortzaile, artista, eragile eta sektoreko enpresak.
Zarautzen Bidasoako gonbidatuekin apirilean egindako saioren ondoren, bigarren topaketa jardunaldia izango da Irungoa. Hain zuzen ere, hurrengo ostegunean (maiatzak 30). Arratsaldeko 17:30ean hasita, bi ordu inguruko jardunaldia egingo da Irungo Irun Factory gunean. Urola Kostako eragile eta profesionalentzat zinez erakusleiho interesgarria izango da Irungo topaketa.
Urola Kostako esperientziak partekatuz
Dagoeneko zehaztu dira Urola Kosta eskualdeko zein 7 esperientzia aurkeztuko diren Irunen. Urola Kostako bost herrietan asko dira KSI alorrean lanean diharduten enpresa, profesional eta eragileak. Tradizio luzea eta harrobi oparoa du sektoreak eskualdean, baina ekimenaren lehen edizioa izanik, beren jardun-sektorean erreferentziazkoak diren ekimen arrakastatsuak azaltzeko hautua egin da.
Beren kasu eta jardunak aurkeztu eta, jarraian, Bidasoako artista eta sortzaileekin esperientziak elkartrukatzeko aukera izango dute. Asmoa da bi eskualdeetako kultura eta sormen alorreko eragileek elkarrengandik ikastea, eta ahal den heinean, lankidetzarako aukera berriak identifikatu, oinarriak zehaztu eta zubiak eraikitzen jarraitzea.
Ondorengoak dira saioan aurkeztuko diren Urola Kostako norbanako eta eragileak:
-
Martin eta Xabier Etxeberria anaiak (Zarautz): Bi anai idazle; elkarrekin 26 liburu argitaratu dituzte. 2018ko Donostiako Zinemaldian aurkeztutako “Margolaria/ The Painter” filman gidoilari gisa aritu dira. Gaur egun, buru-belarri dabiltza beren komiki berriarekin. www.etxeberriak.com
-
Angel Illarramendi (Zarautz): Ibilbide oparoa du Zarauztar konpositore eta musikagile zarauztarrak. Sormen diziplina anitzetarako sortu izan du musika; besteak beste, antzerkirako, zinemarako edota telebistarako. Aitorpen ugari jasotakoa da Illarramendi, baita izendapen eta sari asko eskuratutakoa ere. www.illlaramendi.com
-
Eneko Balerdi (Aia): Irakasle, dantzari, zuzendari eta koreografo aiarra. 2019.urtean Espainiako Arte Eszenikoen Max sarietan gizonezko dantza interpreterik onenaren saria jasotzeko hautagaia izan da.
-
Juan Mari Tolin (Zarautz): Freelance argazkilaria da eta nazioarteko hainbat mediorekin kolaboratzen du; besteak beste, “La gazzetta dello sport” egunkari italiarrarekin eta “Sprint Cycling Magazine” aldizkariarekin. Zenbait txirrindularitza talde profesionalen webguneetarako ere egin ohi du lan. 2018. urtean 20 txirrindulariren bizipenak jasotzen dituen “Emoción” izeneko liburua kaleratu zuen. www.tolin.es
-
PAO PAO Elkartea (Urola Kosta): PAO PAO Urola Kostako komunikazioaren eta arte grafikoen sektoreko enpresa talde batek osatutako elkartea da.
-
Las Cosas de Valen (Zumaia): Valentina Palmeroren proiektu pertsonal bat da “Las Cosas de Valen”. Bere bidaiak, aldaketak eta estimuluak oinarri hartuta, Palmeroren bizitza islatzen du proiektuak. Banan-banan eta piezaz- pieza osatutako erabilera anitzeko artisau eran diseinatuta eta ekoitzitako osagarriak ekoizten ditu Palmerok.
-
Maialen Sarasua (Orio): Zinemagintza nahiz ikus-entzunezkoetan lanean dihardu 2005az geroztik. Editore eta muntatzailea izatez gain, zenbait film labur idatzi eta zuzendu ditu. Azken urteetan parte hartu duen proiektuei begira, ondorengoak azpimarratu genitzake:
- Zinemagintza: “Bati, Bi, Hiru…”, “Zubi bat”, “Bajo la piel de Lobo”, “La Substancia”
- Antzerkia: “Giltzadun etxea”
- Animazioa: “Yoko” telesaila eta “Pixi Post” film luzea
Elkartrukea oinarri, lankidetza helburu
Egitasmoaren xedea da Urola Kostako eta Bidasoako sormen industrien sektoreetako enpresen lankidetza harremanak landu eta sakontzea, interes komunak definitzea eta sormen industrien sektoreko enpresen eta sektore horrekin lotura duten beste sektoreetako enpresen arteko lankidetzarako irizpideak eta orientabideak zehazten laguntzea. Horretarako, bi eskualdeetako hainbat eragilek azken urteetan landu edota garatutako jarduera eta esperientziak elkartrukatuko dituzte. Beren esperientzietan oinarrituta, elkarrengandik ikasi eta lankidetza bide berriak jorratzeko asmoz, praktika onak eta ekinbide arrakastatsuak partekatuko dira.
Argibideak eta izen-ematea
Udal Elkartetik eskualdeko artista eta sortzaile guztiei luzatu nahi zaie gonbidapena; ekimenean parte hartu eta saioetarako aurrez izena eman dezaten. Izan ere, aipatutako aurkezpenez gain, eskualdeko sektoreko eragile guztiei zabaldu nahi zaie esperientzien elkartrukean parte hartzeko aukera. Gutxieneko bat osatuz gero, Irungo saiora joateko autobusa antolatuko du Urola Kostako Udal Elkarteak.
Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, idatzi iezaguzu e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:
Enpresentzako Zerbitzuak (Idoia Etxarri, Eli Uzkudun)
- enpresa@urolakosta.eus
- Tel. 943890808
Egitasmo hau kofinantzatuko da Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia sustapeneko, Landa inguruneko eta lurralde orekarako Departamentuaren "«Gipuzkoaren sustapen ekonomikoa bultzatzea eskualde ikuspuntuaren ekarpenaren bidez»” 2018. urteko programaren bidez.