Berriak

Atzealdea Enpresen eta erakundeen eraldaketari erantzuteko, 2022an ere jarraipena izango du ekimenak

Lehendik aniztasun-planak dituzten 5 enpresetan planak berrikusteaz gain, beste hiru enpresetara hedatuko da ekimena

2022·03·09


Urola Kostako Udal Elkarteak 2018an abiatu zuen eskualdeko enpresa eta erakundeei bideratutako ekimena. Eta aniztasunaren kudeaketa eraginkorra eskualdearen garapenerako faktore erabakigarrienetako bat izango dela ulertuta, 2022an zehar ere jarraipena eman nahi zaio ”Aniztasunaren Kudeaketa Urola Kostan” ekimenari.

Orain arte, eskualdeko 5 enpresek hartu dute parte ekimenean. Lehendik aniztasun-planak garatuta dituzten enpresetan planak berrikusiko dira, uneko egoeraren araberako egokitzapenak proposatzeko. Horretaz gain, ekimena are eta gehiago hedatuko da eskualdeko beste hiru erakundeetan edota enpresetan esku-hartzeak eginez. Parte hartzaile berriei euren errealitatera egokitutako neurri-neurriko planak garatuko zaizkie.

Egitasmoa irekita dago edozein sektore ekonomikotan diharduten enpresetara, baita erakunde publiko edota bestelako korporazioetara ere. "Aniztasunaren Kudeaketa Urola Kostan” egitasmoaren bidez, entitateetako arduradunengan eragin nahi da; jabetu daitezen, aniztasuna egoki kudeatuz gero, enpresei eta erakundeei aukera berriak irekitzen zaizkiela. Azken finean, aniztasunak berez dakar aberastasuna; bai, behintzat, modu egokian kudeatzeko baliabideei bide ematen bazaie.

Inoiz baino aniztasun handiagoa

Etorkizuneko erronkei aurre egiteko, aniztasuna kudeatu eta eraldaketa prozesuei behar bezala heltzeko erremintak eskaini nahi zaizkie eskualdeko enpresei eta erakundeei ”Aniztasunaren Kudeaketa Urola Kostan” egitasmoaren bitartez. 

Izan ere, azken urteotan testuinguru ekonomiko eta sozialean izan diren aldaketen eraginez, inoiz baino aniztasun handiagoa dago gure eskualdeko enpresetan ere. Genero dibertsitateaz gain, jatorri, ezagutza, belaunaldi eta motibazio desberdinetako pertsonak biltzen dira gaur egungo enpresetan; ondorioz, kudeaketa-mekanismo tradizionalak jadanik ez dira eraginkorrak. Eta, aldi berean, desberdintasun horiek eraginkorragoak eta berritzaileagoak izateko aukera berriak sortzen dizkiete erakundeei nahiz enpresei.

Esku-hartze zuzena: diagnostikoa eta neurrirako planak
Ekimenaren azken helburua da enpresei aniztasuna ondo kudeatzeko tresnak ematea, aniztasunak enpresetako lan-taldeei sortzen dizkien erronkei aurre egiten laguntzeko. Gaiari buruzko aholkularitza jasotzeaz gain, partehartzaileek aniztasunaren alorrean lehen urratsak ematen hasteko aukera izango dute:

  • Diagnostikoa enpresa eta erakundeetan: aniztasunari dagokionez, lantaldeen barne-egoera baloratuko da.
  • Neurrirako plan ereduak: Ekintza planak definitu eta ezartzeko jarraibideak zehaztuko dira. Ekintza plan eredu bat lantzearekin batera, enpresa bakoitzaren errealitatera egokitutako ekintza-plana definitu eta horren ezarpena egingoda.

Lanketa-prozesuaren ondoren, “Aniztasunaren kudeaketa” ziurtagiria eskuratzeko aukera izango dute enpresek eta erakundeek.

Argibideak eta izen-ematea

Izena eman edota informazio gehiago jasotzeko, idatzi iezaguzu e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:

Urola Kostako Udal Elkartea, Eli Uzkudun

  • Tel. 943 890808
  • enpresa@urolakosta.eus