Berriak
Atzealdea Hezkuntza eragileekin hitzarmena, eskualdean Adimen Artifizialaren ekosistema sustatzeko
2022·03·08
Urola Kostan Adimen Artifizialaren ekosistema sustatzeko, lankidetza hitzarmena izenpetu du Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko lanbide-heziketako ikastetxeekin. Hain zuzen ere, hitzarmenari atxiki zaizkio Lanbide Heziketako Aiala ostalaritza-eskola, Oteitza Lizeo Politeknikoa, Zumaiako Herri Eskola eta Estetikako eta Ile-apainketa heziketa-zikloak eskaintzen dituen Monte Albertia ikastetxea. Hitzarmenaren baitan, Udal Elkarteak 5.000€ko dirulaguntza emango dio Lanbide Heziketako ikastetxe bakoitzari.
Ekosistema sendoa, eskualde adimentsua
Eskualdeko Adimen Artifizialaren ekosistema garabidean jartzeko ondu du lankidetza egitasmoa Udal Elkarteak. Helburua da elkarlanaren bidetik, adimen artifizialaren esparruan eskualderako proiektu estrategikoak sustatzea; etorkizun hurbilean Urola Kosta eskualde adimentsu eta lehiakorra izan dadin.
Hitzarmenaren sinadura ekitaldian izan dira, Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariarekin batera, Raul Gonzalez Gonzalez de Mendoza (Aiala), Nora Amorena Iturralde (Monte Albertia), Ion Gurrutxaga Iriondo (Oteiza) eta Olatz Gabarain Salaberria (Zumaia BHI).
Udal Elkartearen izenean, Salsamendik adierazi duenez “eskualdeko hezkuntza-eragileen ezagutza partekatzeko, gogoeta-prozesuak bideratzeko eta ikerketari heltzeko” helburuz lotu da akordioa: “Jakin badakigu Adimen Artifiziala esparru estrategikoa dela ekonomia sustatzeko, epe ertainean, jarduera-eremu asko eraldatuko baititu. Hitzarmen honen bitartez, gure eskualdearen ezaugarrien arabera, alegia, neurri-neurrira sakonduko da ikerketa zientifikoan, garapen teknologikoan eta baita berrikuntzan eta esperimentazioan ere”.
Funtsezko ekarpena garapen sozioekonomikoari
Hitzarmena izenpetu duten ikastetxeetako ordezkariei eskerrak ematearekin batera, Udal Elkarteko lehendakariak sendo babestu nahi izan du elkarlanean Adimen Artifizialaren esparrua jorratzeko apustua: “Konbentzimendu osoz diot; hitzarmen honek, elkarlanean jorratuko dugun bide berri honek, funtsezko ekarpena egingo dio etorkizun hurbilean eskualdeko garapen sozioekonomikoari.”
Ildo beretik mintzatu da Nora Amorena Monte Albertia ikastetxeko zuzendaria ere. Amorenak adierazi duenez, aspalditik zebiltzan Adimen Artifizialaren gaia nola garatu aztertzen, baina ezjakintasunak beti atzera bota izan diela azaldu du: “Gure arloan, industrian ez bezala, proiektu berritzaileak ez dira hain ohikoak eta gure enpresetan kultura berritzaile hori garatzea gustatuko litzaiguke. Gure enpresen lehiakortasuna hobetzeko, traktore izan nahi dugu”.
Adimen Artifizialak gizarteko geroz eta sektore gehiagotan duen presentzia handiagoa dela eta, Monte Albertiako zuzendariak “ezinbestekotzat” jo du hitzarmena “Adimen Artifizialak gure sektorean izan ditzakeen aplikazio-aukerak aztertzeko”. Lankidetzaren bidea balorean jarrita, hauxe gaineratu du: “Ikastetxeen zein erakundeen arteko harremana sendotzea gustatuko litzaiguke. Lanbide Heziketako zentroen eta Garapen Agentziaren arteko elkarlanak ezagutza eta esperientzien trukea bideratzen du. Elkarlan horretatik sortzen diren sinergiek eskualdeko ekosistema berritzailea aberasten dute eta, ondorioz, etorkizuneko erronkei aurre egiteko gaitasuna metatzen da. Azken finean, horixe da Lanbide Heziketako Ikastetxeon funtsa”.
Elkarlana abiapuntu
Adimen Artifizialaren alorreko erronkei behar bezala erantzuteko, Udal Elkarteak gidatuko du prozesua; beti ere, bertako hezkuntza eragileekin eta enpresa ehunarekin elkarlanean. Inguruko enpresa lehiakorrak nahiz giza-talentua abiapuntu, elkarlanak Adimen Artifizialaren arloan eskualde mailako punta-puntako ekosistema sendo eta berritzailea garatzea du jomuga.
Salsamendik “arnas luzeko ildo estrategiko” gisara aurkeztu du proiektua eta “elkarlanaren abiapuntutzat” jo du hitzarmena: “Aurreikusitako jarduera guztiak bete arte egongo da indarrean hitzarmena; hasiera batean, aurtengo urriaren amaiera arte. Nolanahi ere, akordioak etorkizunean aurrera egiteko bideetan sakontzea duenez helburu, ziur jarraipena izango duela lankidetzak”.
Hitzarmenaren baitan, eskuz esku arituko dira Urola Kostako lanbide heziketako 4 ikastetxeak Udal Elkartearekin: Adimen Artifizialak hezkuntza sektorean nahiz erakundeetan egin ditzakeen ekarpenak identifikatzetik hasi, eta etorkizunera begira hainbat proiektu pilotu garatzeko hazia jartzeraino.