Berriak

Atzealdea Ingelesa ikasteko online ikastaroa, informazio eta teknologia arloko profesionalei zuzenduta

Urriaren 19an hasita azaroaren 23a bitarte, ikastaroaren helburua da parte-hartzaileei beharrezkoa duten ingeles teknikoan gaitzea, IT lan ingurunean trebetasunez komunikatzeko. Izen emate epea dagoeneko zabalik dago, urriaren 2a arte.

2023·09·28


Gaur egungo eraldaketa digital eta soziodemografikoan, hizkuntzen kudeaketa eta erabilera enpresen lehiakortasuna baldintzatzen duen faktore nagusietako bat bilakatu da.

Urola Kostako enpresetan, euskaraz eta gaztelaniaz gain, ingelesa gero eta maizago erabiltzen da negozio-faktore gisa: hornitzaileekin harremanak sustatzeko, bezeroen gogobetetzea areagotzeko…

Horri erreparatuz, eskualdeko enpresei hizkuntzak suposatzen duen erronka horretan laguntzeko, ingelesa ikasteko online ikastaroa antolatu du Urola Kostako Udal Elkarteak Informazio eta Teknologia esparruko profesionalei zuzenduta, bakoitzaren ingurune teknologikoetan modu eraginkorrean komunikatzeko.

Horrez gain, parte hartzen duten enpresei euren lantokietan hizkuntzen kudeaketaren azterketa egiteko aukera eskainiko zaie.

Lan ingurunean trebetasunez komunikatzea helburu

«English for IT» lelopean, ikastaroaren helburua da parte hartuko duten pertsonei beharrezkoa duten ingeles teknikoan gaitzea, IT lan-ingurunean trebetasunarekin komunikatzeko.

Horretarako, entzumenean, idazketan eta hizkuntzaren erabileran sakonduko du ikastaroak.

  • Listening (entzumena): Informazioaren teknologiako proiektuen alorrean galderak erantzun eta bestelako gaiak eta arazoak bideratzea da helburua.
  • Reading (irakurketa):  Bezeroaren zehaztapenak ulertzea edo lineako arazo bati irtenbidea bilatzeko, ezinbestekoa da ingelesez maila altuan irakurri ahal izatea eta hain zuzen horretan trebatuko dira parte-hartzaileak.
  • Use of English (ingelesaren erabilera): IT ingurunean erabiltzen diren terminoak edo esamoldeak erabiltzen ikasi eta hitz egin edo idazteko erabiltzen diren formarik ohikoenak ezagutuko dituzte parte-hartzaileek.

Ikastaroa 60 ordukoa izango da eta diruz lagunduta dago 100%ean. Urriaren 19tik azaroaren 23a bitarte luzatuko da, baina parte-hartzaileek urtebeteko epea izango dute ikastaroaren edukietara sartzeko, e-learning plataformaren bitartez.Horrez gain 4 hilabeteko tutoretza eta 5 webinar ere izango dituzte zalantzak argitzeko.

Izen ematea zabalik, urriaren 2a arte

Esan bezala, ikastaro hau Informazio eta Teknologia arloko edo arlo teknikoko eskualdeko profesionalei zuzenduta dago (edo pertsona horiekin modu eraginkorrean komunikatu behar dutenei).

Parte-hartu ahal izateko ezinbestekoa da gutxienez B1 maila frogagarria izatea eta ikastaroa aprobetxatzeko konpromisoa adieraztea.

Hori horrela, interesdunek urriaren 2a arte izango dute izena emateko aukera, esteka hau beteaz.

Taldea 11 lagunekoa izango da eta inskripzio kopuruak zenbateko hori gaindituz gero, honela egingo da hautaketa:

  • Enpresa ezberdineko parte hartzaileak izatea.
  • Eskualdeko udalerri ezberdinetan kokatutako enpresetako langileak izatea.
  • Emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua izatea.
  • Izena emateko hurrenkera

Izena emateko epea amaitzean, parte hartzaileek mezu elektroniko bat jasoko dute plaza baieztatzeko, sarbidearen datuekin batera.

Informazio gehiago

Enpresentzako Zerbitzuak

  • Tel. 943 890808
  • enpresa@urolakosta.eus