Berriak
Atzealdea EKITEN DIGITALA: ekintzaile eta enpresari txikientzako digitalizazio programa
2021·04·20
Eskualdeko pertsona ekintzaile eta enpresari txikientzako digitalizazio programa da EKITEN DIGITALA. Covid-19aren testuinguruan, azkartu egin da negozioen digitalizazio prozesua. Erosketa modu berrietara moldatzeko, ezinbestekoak bihurtu dira sare sozialetako presentzia, Interneteko posizionamendu egokia, irudi/marka digital erakargarri bat transmititzea bezeroari… Estrategikoa da, beraz, teknologia berriek negozioei eskaintzen dizkioten aukerak ezagutu eta horiek aprobetxatzen jakitea. Egitasmoak iaz izandako harrera ona ikusita, Urola Kostako Udal Elkarteak erabaki du ekimena berriz ere abian jartzea.
Egitasmoaren bitartez, eskualdeko ekintzaile eta enpresari txikiei digitalizazioaren alorrean urrats bat aurrera egin dezaten lagundu nahi zaie. Bi lan-lerro nagusi izango ditu programak. Alde batetik, negozioen gaineko aholkularitza digitala eskainiko zaie ekintzaileei neurrira diseinatutako estrategia digitala definitzeko. Bestetik, prestakuntza tailerrak eskainiko dira. Bi orduko saioak izango dira eta online eskainiko dira; guztira, 5 tailer.
Aholkularitza: diagnosia eta neurrira egindako estrategia digitala
Programaren hasieran, negozio bakoitzaren presentzia digitala aztertuko da. Negozio bakoitzaren digitalizazio-diagnostikoa egin ondoren, parte hartzaile bakoitzaren negozio-beharretara egokitutako estrategia digitala eta ekintza-plana diseinatuko da. Aditu baten aholkularitza-laguntzarekin egingo da prozesu osoa.
Eskainiko den aholkularitza erabat pertsonalizatua izango da; aditua parte hartzaile bakoitzaren egoerara egokituko baita. Adibidez, partehartzailea negozio ideia bat garatzeko bidean badago, adituak negozio berriaren estrategia digitala diseinatzen eta ekintza zehatzak proposatzen lagunduko du. Aldiz, partehartzaileren batek aurretik negozioren bat martxan baldin badu, negozio horrek sarean zein presentzia duen aztertu, hobekuntzak proposatu eta prozesuaren jarraipena egingo du.
Programan parte hartu ahal izateko, aurrez izena eman beharko da galdetegia beteta. Plaza kopurua mugatua da.
Prestakuntza tailerrak
Guztira, 5 prestakuntza tailer eskainiko dira, online. Lan saio bakoitzak bi orduko iraupena izango du; asteazkenetan, goizez, 10:00etatik 12:00etara.
Saio guztiak estrategia digital egoki bat aurrera eramateko gaitasun eta baliabideak eskuratzeko diseinatu dira. Hona hemen prestakuntza-eskaintza osoa:
- 2021/05/04 Sare sozialak I: zer dira, eta nola lagunduko didate nire proiektua ikusarazten?
- 2021/05/18: Sare Sozialak II: definitu eta programatu edukiak eta kudeatu sareak era eraginkorrean.
- 2021/06/01: Aurki zaitzatela Google My Business fitxa sortuz eta erabiliz.
- 2021/06/15: Diseinatu zure negozioaren irudi korporatiboa Canva programarekin.
- 2021/06/29: Iragarkiak Google eta Sare Sozialetan zure salmentak modu azkarrean areagotzeko.
Tailerretan parte hartzeko ere, aurrez izena eman beharko da galdetegia beteta.
Aholkularitza eta tailerrez gain, estrategia digitalaren inguruko edozein zalantza argitzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Hain zuzen ere, ekitenurolakosta@gmail.com helbidera idatzita.
Argibideak eta izen-ematea:
Izena eman edota informazio gehiago jasotzeko, idatzi iezaguzu e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:
Enpresa Sustapena Zerbitzua (Maider Ibarbia, Johanna Pino)
- Tel. 943 89 08 08
- enpresasustapena@urolakosta.eus
- jpino@urolakosta.eus