Berriak
Atzealdea Urriaren 10ean hasiko da Big Data eta Data Science-ari buruzko 148 orduko online prestakuntza-programa
2022·07·19
Eraldaketa digitalaren testuinguruan, gero eta garrantzitsuagoa da askotariko datuak kudeatzeko gai izatea. Berebiziko garrantzia du datuak nola prozesatu, partekatu edota babestu jakiteak. Ikastaroaren bitartez, datuak bistaratzeko eta tratatzeko prozesuari buruzko ikuspegi orokorra eskainiko da, eta, bereziki, sakonduko da enpresek beren Big Data estrategia definitzerakoan kontuan hartu beharreko alderdietan. Horretarako, informazio trukaketa, prestakuntza eskolak eta tutoretza-saioak uztartuko dira.
Erabat praktikara bideratutako ikastaroa izango da. Izan ere, Big Data eta Data-Science-ari buruzko adibide praktikoak eta aplikazioak ezagutzeko aukera eskainiko da. Printzipioz, eskualdeko herritar guztiei bideratutako ekimena da, baina ikastaroan parte hartzeko, ezinbestekoa da Lanbide Heziketako goi mailako ziklo baten jabe izatea eta excel tresna menderatzea.
Programaren xehetasunak
148 orduko ikastaroa izango da; urriaren 10etik abenduaren 2ra arte. Saio guztiak online izango dira; goizez; 09:30etik 13:30era. Euskarrien eta metodologiari buruzko xehetasun guztien berri emateko, aurre-saioa egingo da urriaren 7an (ostirala); 09:30etik 11:30era.
Hauek dira programarekin lortu nahi diren helburuak:
- Testuinguru profesional batean, datuak behar bezala aztertzeko eta informazioa bistaratzeko, beharrezko jarduerak identifikatu, aztertu, planifikatu eta antolatzeko gai izatea
- Datuak aztertzeko eta bistaratzeko teknika aurreratuak erabiltzea beharrezkoa den kasuetan, datu-iturri heterogeneoetako (datu irekien iturriak, dokumentu teknikoak, artikulu espezializatuak, webguneak edo enpresaren barne-dokumentazioa…) informazioa biltzeko, hautatzeko eta iragazteko gai izatea.
Hauexek dira saioetan landuko diren eduki- zehatzak:
- Datu baseetara sarrera eta SQL lengoaia (16 ordu)
- Datuak ateratzeko, atzemateko eta arazteko metodoak (16 ordu)
- Estatistika eta Big Data (12 ordu)
- Datuen analisia (16 ordu)
- Bisualizazioa (36 ordu)
- Datuak prozesatzeko ingeniaritza (16 ordu)
- Adimen artifizialeko teknikak (36 ordu)
Informazio saioa eta izen-ematea
Informazio saioa egingo da proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko:
- Irailak 23, ostirala, 10:00etan
- On line izango da; Gotomeeting plataformaren bidez.
- Informazio saioan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da galdetegia beteta. Ondoren, saiora sartzeko esteka jasoko du interesdunak bere posta elektronikoan.
Dagoeneko zabalik dago izen-ematea. Izena emateko orria eta ezagutza-balorazio galdetegia eskura daude Udal Elkartearen egoitza elektronikoan. Aurrez aurre ere egin daiteke izen-ematea Udal Elkarteko egoitzara bertaratuta.
Argibideak edota informazio gehiago jasotzeko:
Urola Kostako Udal Elkartea, Garapen Agentzia
Enplegu Zerbitzua (Vanessa Garcia, Olaia Sainz)
- Tel. 943890808
- lanpoltsa@urolakosta.eus