Berriak
Atzealdea Abian da “45 + Indartzen” egitasmoaren 2. edizioa; 45 urtetik gorako herritarrak lan-munduan txertatu daitezen
2020·10·09
Martxan da “45+Indartzen” ekimenaren 2.edizioa; Urola Kostako Udal Elkarteko Enplegu eta Orientazio Zerbitzuaren eskutik, KONPETENTZIEN ESKOLA zerbitzuaren baitan. Iaz egin zen programaren estreinako edizioa, eta emaitza oso onak eman zituela ikusita, eskualdeko 45 urtetik gorako herritarrei bideratutako programaren edizio berri bat antolatu du Udal Elkarteak urteko azken hiruhilekoari begira.
Zer lortu nahi da ekimenaren bitartez? Bada, eskualdeko 45 urtetik gorako pertsonez prestakuntza-ikaskuntza eskaini nahi zaie; ahaldundu daitezen, batez ere, lan-mundura sartu edota itzuli daitezen. Izan ere, adin tarte horretako gehienek, oso zail ikusten dute lan-mundura itzultzea edo egokitzea; batetik, duten adinarengatik; bestetik, egungo lan mundu aldakorraren eskakizun eta eginkizunetara egokitzeko ezinbestekoa delako birziklatzea. Are gehiago, Covid-19aren krisi testuinguruan.
Zalantzarik gabe, eskualdeko garapen eta ongizatean jauzi kualitatibo berri bat egitea ahalbidetuko du egitasmoak; prestakuntza-erreminta berriak barneratu eta baliabide profesionalez jantzi ondoren, laneratzea errazagoa izango da-eta. Berrituta eta indartuta dator programa.
- Programaren helburua: helburu nagusia parte-hartzaileak gaitzea da, aldaketarako sendotuz, etengabeko hobekuntzarako bidea irekiz eta begirada-aldaketa eraginez; beti ere, laneratzea errazteko.
- Hartzaileak: eskualdeko 45 urtetik gorako herritarrei zuzendutako programa da; bereziki laneratzeko zailtasunak edo arazoak dituztenentzat, eta zenbait unetan, programa baliabide digitalen bitartez burutzeko autonomia eta aukera dutenentzat.
Programaren xehetasunak
40 orduko prestakuntza prozesua izango da; 4 orduko 10 saiotan banatua. Ikastaroak bi aste iraungo du; hain zuzen ere, azaroaren 23tik abenduaren 4ra. Saio guztiak goizez izango dira; 09:30etik 13:30era, Udal Elkartearen egoitzan nahiz digitalki. Beraz, parte hartzen dutenek saioetara digitalki konektatzeko aukera izango dute.
Taldekako prestakuntzaz gain, partaide guztiek 3 bakarkako saio jasotzeko aukera izango dute.
Azaroaren 13an egingo den hasiera-ekitaldiarekin (9:30-11:00) emango zaio hasiera ekimenari. Bertan, programaren xehetasun guztiak azaltzeaz gain, partaide bakoitzarekin adostuko da bakarkako saioen egutegia.
Argibideak eta izen-ematea
Informazio-saio bat egingo dugu interesa duten herritarrentzat, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko:
- Eguna eta ordua: azaroak 6, ostirala, 10:00etan
- Non: on line izango da; Gotomeeting plataformaren bidez.
- Informazio saioan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da galdetegia beteta. Ondoren, saiora sartzeko esteka jasoko du interesdunak bere posta elektronikoan.
Dagoeneko zabalik dago izen-ematea (azaroaren 12ra arte). Izena emateko orria eskura dago Udal Elkartearen egoitza elektronikoan. Edozein kasutan, tramitazioa elektronikoa egin ezin dutenek, egoitzan elektronikoan dokumentua deskargatu, bete eta Udal Elkarteko egoitzara bertaratu beharko dute.
Argibideak edota informazio gehiago jasotzeko:
Urola kostako Udal Elkartea, Garapen Agentzia
Enplegu eta Lan-orientazio Zerbitzua (Vanessa Garcia, Olaia Sainz)
- Tel. 943890808
- lanpoltsa@urolakosta.eus