Berriak
Atzealdea Enpresa txikiei bideratutako prestakuntza-saioak antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak
2019·01·10
Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresa txikiei euskaraz lan egiteko laguntza ematen jarraitzen dugu Urola Kostako Udal Elkartetik. Izan ere, 2017an abian jarritako ENPRESA EUSKARAZ HANDITZEN proiektuaren baitan, enpresei bideratutako prestakuntza-saioak antolatu dira.
Urrats bat gehiago emateko borondatearekin antolatu dira enpresa txikiei zuzendutako saio teoriko- praktikoa, nahiz ikastaroa. Saio teoriko- praktikoan hizkuntzen kudeaketa hobetzeko erremintak azalduko dira; besteak beste, enpresa hobetzeko aukeren identifikazioa, marketina eta publizitatea, ingurune digitala, eta idatzizko eta ahozko harremanak. Saioa, urtarrilaren 22an egingo da, 13:30etik 15:00etara bitartean, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. Data horretan parte hartu ezin duten enpresek, beste aukera bat izango dute martxoaren 26an.
Bestetik, lanean idazten diren ohiko testu eta mezu laburrak lantzeko ikastaroa prestatu dugu. Saio hauen bidez, Urola Kostako enpresa txikiei lanean ohikoak dituzten testu eta mezu laburrak euskaraz idazteko erremintak emango zaizkie; testu mota desberdinak ezagutu eta idazteko aholkuak, Euskaltzaindiaren oinarrizko arauen lanketa, edota testuen egituraren azterketa. Ikastaroa hiru egunetan burutuko da; urtarrilaren 30an, eta otsailaren 13an eta 27an. Saio guztiak 13:30etik 15:00etara bitartean izango dira, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan.
Ikastaroaren kasuan ere, bigarren aukera bat eskainiko zaie eskualdeko enpresei. Izan ere, ikastaroa errepikatu egingo da maiatzaren 8an eta 22an, eta ekainaren 5ean.
Dagoeneko izena eman dezakete interesa duten enpresek ondorengo formularioa beteta. Izen-emateko epea urtarrilaren 18ra arte luzatuko da.
Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, idatzi iezaguzu e-maila bat edo jarri harremanetan telefono bidez:
Urola Kostako Udal Elkartea
Xabier Urdangarin, Euskara teknikaria
- handitzen@urolakosta.eus
- Tel. 943 890808