Berriak
Atzealdea Epartaidetza Komunitatea: lidergoa hobetzeko ikaskuntza komunitatea.
2017·05·12
Maiatzaren 12an Urola Kostako Udal Elkarteak EPARTAIDETZA KOMUNITATEA proiektua aurkeztu du. Proiektua eskualdeko enpresentzat da, lidergoa lantzeko komunitatea sortzeko.
Zertan datza proiektua?
Epartaidetza Komunitatea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza bidez, Urola Kostako Udal Elkarteak martxan jarri duen ekimena da. Komunitatea honetan, hainbat erakunderen (eskualdeko enpresak, elkarteak…) artean ezagutzak partekatuko dira, zalantzak eta kezkak mahai gainean jarriko dira eta hobekuntza taldeen bidez konpromiso zehatzak martxan jarriko dira aldaketak gauzatzeko, lidergoa hobetzeko helburuarekin.
Enpresen lehiakortasunaren oinarrian giza faktorea dago, eta Urola Kostako Udal Elkarteak, horren jakitun izanda, urteak daramatza pertsonen kudeaketarako eredu berriak lantzen eskualdeko enpresa eta erakundeetan. Baina badakigu jakin, pertsonen kudeaketa aurrera eramatea ez dela lan erraza, eta, eskualdeko enpresetan, bakartasun sentimendua nagusitu da azken urteetan, lidergoa beren esku daukaten langileen artean.
Proiektua zerbaiten hasiera baino gehiago da orain arte egindako bidearen emaitza da, izan ere, azken ureetan pertsonen kudeaketaren arloan bideratutako ekimenen ildotik, hainbat enpresa eta organizazioren eskaerari erantzutera dator. Proiektuak EDE fundazioaren eta Mondragon Unibertsitatearen laguntza eta aholkularitza teknikoa jasoko du.
Zein da helburua?
Hori kontuan hartuz, Urola Kostako Udal Elkarteak denboran iraunkorra izango den komunitatea sortu nahi du, lidergoa lantzeko eta hobetzeko.
Nori zuzendua?
Komunitatean parte hartuko dute eskualdeko enpresa eta erakundeetako pertsonek. Pertsonen kudeaketan lidergotza dutenak eta erabakiak hartzen dituztenak izango dira partaide nagusi.
Noiz hasi eta noiz arte?
Maiatzaren 12an hasi eta 2017ko urrian amaituko da ekimena.
Zein izango da metodologia?
Erakundeak beren artean elkartzeaz gain, enpresa bakoitzak bere egitekoak izango ditu, eta eraldaketarako konpromisoak aurrera eramango ditu. Ekimenaren muina da praktikara pasatzea, sortzen diren zalantzak partekatuz eta etengabeko ikasketa- eta hobekuntza- prozesuan sartuz. Horregatik, helburua da, batetik, konpromiso zehatzetara jaistea eta, bestetik, beste partehartzaileekin elkarlanean, aldaketa prozesuak martxan jartzea. Partehartzaileek beren enpresa edo erakundeko esperientziak besteekin partekatuko dituzte, ondoren enpresa bakoitzak bere egin eta konpromiso zehatzak lantzeko. Hobekuntza taldeak sortuko dira, aldaketa prozesuak martxan jartzeko (hainbat erakundeen artean). Hori guztia osatuko da prestakuntza saioekin eta aholkularien laguntzarekin.
Zenbat enpresek hartuko dute parte?
11 enpresa/erakunde daude izena emanda proiektuaren hasieran, baina gure asmo eta nahia da komunitate bizia izatea eta enpresa eta erakunde gehiago erakartzea. Hona hemen komunitateko kide diren enpresak:
- Otzarreta
- Electrotaz
- Aner
- Basoa crossfit
- Monte albertia
- Jovi automatismos
- Eraman
- Otezuri
- Oteitza
- Yoga zarautz
- Mendiaraiz
Argibideak
- Urola Kostako Udal Elkartea
- Enpresentzako Zerbitzuak, Olaia Sainz
- Tel. 943 890808
- enpresa@urolakosta.eus