Berriak
Atzealdea Arrakastatsua izan da “Aniztasunaren kudeaketa Urola Kostan” programaren 1. edizioa
2018·12·14
Azken urteotan testuinguru ekonomiko eta sozialean izan diren aldaketen eraginez, inoiz baino aniztasun handiagoa dago enpresetan. Jatorri, ezagutza eta motibazio desberdinetako pertsonak biltzen dira gaur egungo enpresetan; ondorioz, kudeaketa-mekanismo tradizionalak jadanik ez dira eraginkorrak. Eta, aldi berean, desberdintasun horiek aukera berriak sortzen dizkiete erakundeei eraginkorragoak eta berritzaileagoak izateko.
“Aniztasunaren Kudeaketa Urola Kostan” egitasmoaren bidez, erronka horiei aurre egiten, aniztasunaren onura potentzialak aprobetxatzen eta izan ditzakeen ondorio negatiboak minimizatzen lagundu zaie Urola Kostako eskualdeko enpresei.
Lehen edizio emankorra
Geroz eta ohikoagoa da enpresetan askotariko bizimodu, joera eta ezaugarriak dituzten langileen arteko interakzioa. Jada horren homogeneoak ez diren lantaldeak kudeatzea, gaur gaurkoz, enpresa ororen zuzendaritzaren eginkizunetako bat da.
Enpresaren izaera, tamaina eta jarduna edozein dela ere, aniztasuna egoki kudeatzeak ugaritasuna hobeto baloratu eta diskriminazioak eragindako kostuak murriztea dakar. Aniztasunak, egoki kudeatuz gero, ateak zabaltzen dizkio enpresaren jardunari; batez ere, merkatu globaletan negozio aukera berriak sor ditzakeelako.
Testuinguru horretan, arrakastatsua izan da programaren lehen edizioa. Eskualdeko 4 enpresek hartu dute parte, estreinakoz, esperientzia pilotuan. Epe motzera etor litezkeen aldaketak aurreikusi eta errealitate berrira egokituz, enpresan kudeaketa eraginkor baterako lehen oinarriak landu dituzte egitasmoaren bitartez.
Besteak beste, “Aniztasunaren Kudeaketa Urola Kostan” ekimenaren lehen edizioak hainbat erreminta eman ditu fruitutzat:
- Gida orokorra: aniztasuna kudeatu eta ekintza plana erakundearen baitan aplikatzeko enpresentzat lagungarri da gida.
Hain zuzen, enpresei aniztasuna ondo kudeatzeko tresnak ematea da gida honen helburua, aniztasunak enpresetako lan-taldeei sortzen dizkien erronkei aurre egiten laguntzeko. Zehazki, hauek dira gida honen helburuak:
- Enpresak sentsibilizatzea aniztasunak erakundeetan sor ditzakeen aukeren inguruan.
- Enpresak sentsibilizatzea aniztasuna ondo kudeatzearen garrantziari buruz.
- Aniztasunari buruzko jardunbide egokien eta sor ditzakeen aukeren adibide zehatzak ematea.
- Autodiagnostikorako tresna: aniztasunari dagokionez, lantaldeen barne-egoera baloratzeko erreminta da.
Tresna honen bidez, lantaldeen barne-egoera baloratzen da. Autodiagnostikoa egiteko tresna hiru dokumentuz osatuta dago: bi dira enpresak bete beharrekoak eta hirugarrena, langileek bete beharreko galdetegi anonimo bat da.
- Plan ereduak: Ekintza plana definitu eta ezartzeko jarraibide gisa.
Ekintza plan eredu bat lantzearekin batera, enpresa bakoitzaren errealitatera egokitutako ekintza-plana definitu eta horren ezarpena egin da.
Aurrera begira
Eskualdearen garapenerako faktore erabakigarrienetako bat dela ulertuta, eta lehen edizioak emandako emaitza onak eskuan, Udal Elkartetik jarraipena eman nahi zaio ”Aniztasunaren Kudeaketa Urola Kostan” ekimenari.
2019ra begira, asmoa da, jarduera eta tamaina edozein dela ere, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako ahalik eta enpresa gehienetara zabaltzea ekimena.
Izena eman edota informazio gehiago jasotzeko, idatzi iezaguzu e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:
Urola Kostako Udal Elkartea
- Idoia Etxarri, prospekzio teknikaria
- Tel. 943 890808
- enpresa@urolakosta.eus
http://www.urolakosta.eus/eu/web/urolakosta-agentzia/aniztasunaren-kudeaketa