Berriak
Atzealdea Familiz-family, familia turismoa sustatzeko Urola Kostako lehen eskaintza-sorta
2018·10·18
Urola Kostan familia turismoa sustatzea helburu, eskualdeko turismo mailako lehen eskaintza-sorta aurkeztu da: Familiz-family. Urriaren azken astebururako eta gurera datozen familiei begira ondu da pakete turistikoa; besteak beste, urtarotasunaz haratago, Urola Kostara bisitariak urte osoan erakartzeko helburuari jarraiki.
Ekimenak eskualdeko turismo estrategia bateratuaren ildo nagusienei erantzuten die. Sektorea sendotzen jarraitzeko urrats berri bat izateaz gain, bisitariei balio- erantsi nabarmena duten esperientziez gozatzeko aukera zabalago bat eskaini nahi zaie.
Elkarlanaren eta sinergiak baliatzearen bidetik, turismo sektoreko Lankidetza Mahairen eskutik dator eskaintza-sorta. Izan ere, Lankidetza Mahairen lan ardatzetako bat familia turismoarena da. Sektore publiko nahiz pribatuko eragileen elkarlanerako gunea da Lankidetza Mahaia. Urola Kostako Udal Elkarteak sustatuta, turismo alorreko eskualdeko 7 enpresa pribatuk hartzen dute parte, oraingoz.
Hain zuzen ere, estreinakoz, urriaren azken asteburuan gozatu ahal izango da Familiz-family-ren baitako eskaintzez. Alegia, urriaren 26tik 28ra bitartean zehar eskainiko da aukera bikoitza duen eskaintza-sorta; alde batetik, oinarrizko plana; bestetik, Premium deiturikoa. Xehetasun guztiak eskuragarri daude ondorengo orrialdean: http://www.basquedestination.com/es/familiz-family/
Ekimena aurrera eraman ahal izateko, ezinbestekoa izan da Lore Uranga Basque Destination agentziako arduradunaren laguntza. Izan ere, eskualdeko agentzia hartzaile bakarra izanik, beregain hartu du ekimenaren kudeaketa nahiz merkaturatzea.
Eskualde ikuspegiarekin onduriko proiektu da; izan ere, eskaintza-sortak eskualdeko bost herrietako eskaintza erakargarrienekin osatu dira. Hala, bisitariek Urola Kosta bere osotasunean ezagutzeko aukera izango dute.
Hauexek dira, elkarlanean, eta Urola Kostako Udal Elkartearen babesean, ekimenean parte hartu duten enpresak: Basque Detination, Maisor, Katxiña Bodega, Begi Bistan, Egona, Exprientziak, Arazi eta San Prudentzio Hotela.