Berriak

45+ Indartzen programak parte-hartzaileen balorazio ezin hobea jaso du bere 6. edizioaren amaieran

Prestakuntza-programak 10 parte-hartzaile izan ditu, eta laneratzeari aurre egiteko egitasmoak norberaren ahalduntzean izandako eragin positiboa nabarmendu dute guztiek.

2023·05·29


Amaitu da jada 45+ Indartzen prestakuntza programaren 6. edizioa. Guztira 10 parte-hartzaile izan ditu aurten eta guztiek ezin hobe baloratu dute egitasmoa, laneratzearen aurrean programa honek norberaren ahalduntzean izandako eragin positiboa nabarmenduz.

45+ Indartzen, 45 urte edo gorako herritarrak lan-munduan txertatzeko 40 orduko prestakuntza-programa da. Urola Kostako Udal Elkarteak sustatuta, egitasmoaren helburua da parte-hartzaileak ahalduntzea, aldaketarako prestatuz, indartuz, etengabeko hobekuntzarako bidea zabalduz eta haien laneratzea erraztuko duen ikuspegi aldaketa eraginez.

Hori horrela, azken edizio honetako parte-hartzaileek 40 orduko prestakuntza jaso dute, baita banakako hiru 'coaching' saio ere, aurrez aipatutako aldaketa hori bultzatzeko eta laneratzeari begira hobekuntzarako bidea irekitzeko.

Ekimena parte-hartzaileen ahalduntzea lortzera bideratuta egon da, eta coaching-saioen bitartez, parte-hartzaile bakoitzaren lan-helburua definitu da, bakoitzaren baliabide indibidualak eta izan ditzaketen oztopoak eta kargak identifikatuz, eta indarguneak zein ahulguneak kudeatzeko lan-orientaziorako hainbat tresna eskainiz eta ikuspegi berri bat praktikan jarriz. Funtsean, parte-hartzaile bakoitzak bere hobekuntza profesionalerako ekintza-plana garatu du.

Programa honek, hasi zenetik, guztira 75 parte-hartzaile baino gehiago izan ditu, eta guztien babes eta balorazio positiboa jaso du. Hori ikusita, Urola Kostako Udal Elkarteak jarraipena emango dio datozen urteetan eta hain zuzen, programa honi lotuta, udazkenean abian jarriko du, berriro ere, EMA+ programa, emakumeak ahalduntzeko eta lan-munduan murgiltzeko diseinatutako ekimena.

Programaren edota etorkizuneko edizioen inguruko informazio gehiago jasotzeko

Urola Kostako Udal Elkartea

Garapen Agentzia

Enplegu saila (Vanessa Garcia, Olaia Sainz)

  • Tel. 943890808
  • lanpoltsa@urolakosta.eus
  •