Berriak
Atzealdea Ondorengotzari eta negozioen eskualdatzeari buruzko prestakuntza eta aholkularitza, eskualdeko pertsona ekintzaile eta enpresari txikientzat
2021·09·10
Urola Kostako Udal Elkarteko Enpresentzako Zerbitzuen bitartez, ondorengotza gaiaren alorrean prestakuntza eta banakako aholkularitza eskainiko zaie epe motz-ertainean egoera horretan aurkitu daitezkeen eskualdeko negozio jabeei. Eskualdeko enpresa eta negozio bideragarrietako titularren erretiroak edo eta eskualdatzeak direla eta, negozio horiek ixtea ekidin nahi da, horrek eragingo lituzkeen aberastasun eta enplegu galerak saihesteko.
Proiektuaren helburu nagusia da eskualdeko enpresei negozioen ondorengotzari eta eskualdatzeari buruzko prestakuntza eta aholkularitza eskaintzea. Hona hemen ekimenarekin lortu nahi diren helburu zehatzak:
- Jubilazioari dagokion Araudia ezagutzea: erretiro adina, kotizazioak, prestazioak, jubilazio aktiboa eta aurre-jubilazioa.
- Ondorengotza eta esku-aldatze kasuetan kontuan hartu beharreko alderdiak ezagutzea.
- Ondorengotza eta esku-aldatze prozesuak aurrez behar bezala planifikatzeko, kontuan hartu beharreko ezagutzetan sakontzea.
Ekimena bi talde-prestakuntza saiorekin abiatuko da; goizez, 09:30etik aurrera, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian. Lehenengo saioa 3 ordukoa izango da, irailaren 23an; bigarrena, 4 ordukoa, irailaren 30ean egingo da.
Prestakuntza saioen ondoren, banakako tutoretza saioak egingo dira, bi fasetan. Lehendabizi, enpresen diagnostiko laburra landuko da, enpresa bakoitzaren ondorengotza/eskualdatze aukerak aztertzeko. Azkenik, lanketa horietatik abiatuta eta banakako aholkularitza bidez, banan-bana ondorengo alderdiak jorratzeko aukera izango da:
- Enpresaren balorazio ekonomikoa
- Enpresaren azterketa juridikoa
- Ondorengotzari/eskualdatzeari buruzko gomendioa
Ekimenean eskualdeko enpresa txikien (0-10 langile) jabeek, edota eskualdatze prozesuren batean murgilduta dauden eskualdeko ekintzaileek parte hartu ahal izango dute.
Argibideak eta izen- ematea:
Izena emateko azken eguna irailaren 17a izango da. Informazio gehiago jasotzeko, edota ekimenean izena emateko, idatzi iezaguzu e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:
Enpresentzako Zerbitzuak (Eli Uzkudun)
- enpresa@urolakosta.eus
- Tel. 943890808