Berriak

Atzealdea Hitzaldi ibiltariak, Urola Kostako itsas ondarea ezagutzeko

Azaroko igandeetan izango dira, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian

2015·11·02


Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiaren historia itsasoari estu-estu lotua dago. Hori dela eta, eskualdeko udalak eta Urola Kostako Udal Elkartea hainbat proiektu lantzen ari dira itsas-ondarea berreskuratu eta ezagutzera emateko. Hor kokatzen dira azaroan Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian egingo diren hitzaldi ibiltariak. Aurten bigarrenez egingo dira hitzaldi ibiltariak. Lehendabiziko aldiz 2014an egin ziren.

Azaroaren 1ean eman zitzaien hasiera, Orion. Hurengo igandeetan Zarautzen, Getarian, Zumaian eta Aian egingo dira. Goiz erdiko 5 hitzaldi ibiltari dira guztira, gaian aditua den pertsona batek gidatuta. Bidean, aditu horrek azalpen eta argibide ugari eskainiko ditu. Parte hartzeko ez da ezer ordaindu behar, baina aurrez izena eman behar da.

Orio

HITZALDIA: Itsas-hiribildu baten ezaugarriak ezagutu ditzagun.

NON: Orion.

NOIZ: Azaroak 1, igandea, goizeko 11:00etan.

IBILBIDEA: Orioko udaletxe aurrean hasi eta amaituko da. Orioko alde zaharrean zehar burutuko den ibilbide honetan Gipuzkoan historian zehar garatutako itsas jarduera nagusienetan partaidetza zuzena izan zuten hainbat itsasgizonen etxeez gain, XVI, XVII eta XVIII. mendeetako itsas-hiribildu baten ezaugarriak eta elementuak  ezagutuko ditugu.

IZEN EMATEA: Orioko Turismo Bulegoa, tel. 943835565, orioturismo@gmail.com

Zarautz

HITZALDIA: Galdutako itsas historia berreskuratzeko saiakera bat.

NON: Zarautzen.

NOIZ: Azaroak 8, igandea, goizeko 11:00etan.

IBILBIDEA: Berazadi zaharra (Goiko kanping-a) baserriaren aurreko aparkalekuan hasi eta amaituko da. Ibilbidean, itsas jarduerekin ustez harreman txikia izan duten Zarautz bezalako herriek ere itsas historia aberatsa dutela frogatuko dugu. Besteak beste, talaiak, portuak, zamalekuak, hondoraketak, itsas industria eta abar landuko dira.

IZEN EMATEA: Zarauzko Turismo Bulegoa, tel. 943830990, turismoa@zarautz.eus

Getaria

HITZALDIA: San Anton mendiko sekretuak.

NON: Getarian.

NOIZ: Azaroak 15, igandea, goizeko 11:00etan.

IBILBIDEA: Getariako moilan, San Anton mendiko bidearen hasieran (San Anton erretegiaren ondoan) hasi eta amaituko da. Gipuzkoako portu seguruenaren futsezko elementua den San Anton mendiko itsas historia aberatsa landuko da. Besteak beste, moilak, lonjak, ermitak, talaiak, faroa, gotorlekuak eta abar ezagutuko ditugu.

IZEN EMATEA: Getariako Turismo Bulegoa, tel. 943140957, turismogetaria@euskalnet.net

Zumaia

HITZALDIA: Euskal itsas-balentrien antzinako monumentuak.

NON: Zumaian.

NOIZ: Azaroak 22, igandea, goizeko 11:00etan.

IBILBIDEA: Olazabal Idazkariaren jauregi aurrean hasi eta San Telmo komentuan amaituko da. Historian zehar euskaldunek itsasoetan burututako balentriak ondorengoek ahaztu ez zitzaten, elizetan eraiki zituzten oroigarri eta monumentuak aztertuko ditugu. Besteak beste, Zumaiako San Pedro parrokia, San Telmo ermita, San Jose komentua eta zenbait jauregi eta dorretxe ezagutuko ditugu. 

IZEN EMATEA: Zumaiako Turismo Bulegoa, tel. 943143396, turismoa@zumaia.net

Aia

HITZALDIA: Gure itsas paisaia zaharrean zehar.

NON: Aian.

NOIZ: Azaroak 29, igandea, goizeko 11:00etan.

IBILBIDEA: Ubegun industrialdetik hasiko da ibilbidea. Bertatik autobusez Laurgainera gerturatuko gara. Ondoren, mendi ibilalditxo baten moduan Laurgaindik irten eta Ubegun industrigunera itzuliko gara. Bidean, Laurgaingo jauregia, Agorregiko burdinola eta errotak, Manterola burdinola, Ibarrola inguruko haizeolak, Amasportuko errenteria edo lonja, errota eta haizeolak, eta azkenik Oribarko portua, eta bidean dauden baserri, lursail, sagasti, baso eta abarrak, guzti-guztiak antzinako itsas paisaia zaharrarekin lotura dutenak ikusiko dira.

IZEN EMATEA: Aiako Kultur Etxea, tel. 943130924, kulturetxe@aiako.com

Hitzaldi ibiltariak: eskuorria