Berriak

Atzealdea Konpostaren plana: "Konpost bikaina" lehiaketako sarituak, 2015eko datuak, 2016ko plana

Iñaki Oñatibia Huartek (Zarautz) irabazi du lehiaketa. 763 familia ari dira konposta egiten.

2016·01·21


2005ean hasi zen Urola Kostako Udal Elkartea eskualdean konposta egitea sustatzen. Urte batzuk joan dira, emaitza politak lortu ere bai (763 familia konposta egiten; ikastetxe guztiak Zisare programan...), baina bada oraindik zer egin.

Ondoren datoz laburbilduta 2015ean garatutako konpostaren planaren emaitzak eta 2016ko plana.

Konpost bikaina lehiaketa: sarituak

2015ean zehar "konpost bikaina" izeneko lehiaketa egin dugu, konposta ondoen egiten duten familiak saritzeko. Lehiaketa horretan parte hartzeko, aurrena, egiten duten konpostari buruzko galdetegia bete dute.

Ondoren, puntuaziorik altuena eskuratu duten 5 familiei bisita egin zaie eta lagina hartu zaie, aztertzeko. Ondoren, galdetegia, bisita eta laginaren emaitzak kontuan hartuta 3 saridunak hautatu dira.

Hona hemen sarituak:

1go saria: diploma, jatetxe batean 2 pertsonentzako afaria, konpostarentzako termometroa eta birziklatzeko kita. Irabazlea: Iñaki Oñatibia Huarte (Zarautz)

2.saria: diploma, produktu ekologikoen saskia, konpostarentzako termometroa eta birziklatzeko kita. Irabazlea: Jon Martin Agirre (Zarautz)

3.saria: diploma, konpostarentzako termometroa eta birziklatzeko. Irabazlea: Lurdes Eizagirre Eceiza (Zarautz)

Konpostaren plana 2015ean: balorazioa

Une honetan (2015-12-31ko datuak) eskualdean 763 familia ari dira etxeko hondakin organikoekin konposta egiten (etxean, auzoan, komunitatean...). Ikus datuak herriz herri.

Gipuzkoako familiek batez beste 2,65 kide dituztenez (Eustat, 2006ko datua), orotara 2.000 pertsona inguru ari dira gure eskualdean konposta egiten

Familia horiei eta auzo eremuei jarraipena egin zaie 2015ean zehar: aholkuak eta laguntza eman, egin duten konposta aztertu eta abar.

2016ko plana

Konposta egitea sustatzeko 2016ko planak hainbat jarduera ditu aurreikusita, horietako batzuk berriak. Hona hemen banan-banan:

  • Jarraipena autokonpostagailua jarria duten familiei, aholkuak emateko, zalantzak argitzeko eta egoki funtzionatzen dutela bermatzeko
  • Auzoan konposta egiteko eremuetara bisita hilero, aholkuak emateko, zalantzak argitzeko eta egoki funtzionatzen dutela bermatzeko
  • Familia berriak: konpostagailua jarri nahi duten familiek aukera dute eskaera egin, ikastaroan parte hartu eta konpostagailua eskuratzeko.
  • Konposta ikastetxeetan: Zisare programa

Zisare programa: konposta ikastetxeetan, 2015-2016

2015ean jarri genuen martxan Zisare programa eskualdeko ikastetxeetan. 2015ean 6 ikastetxek hartu dute parte. Zisare programak bi ildo nagusi ditu:

  • Hiri hondakinen prebentzioa eta gaikako bilketa
  • Konpostajearen ezarpena ikastetxeetan

2015-2016 ikasturtean jarraipena emango diogu programari. Ikasturte honetan eskualdeko ikastetxe guztiak ari dira parte hartzen: Zarautzen Antoniano, La Salle-San Jose, Salbatore Mitxelena, Orokieta eta Lizardi; Zumaian Oikia, Maria eta Jose, Zumaiko Institutua eta Herri Eskola; Orion Juan Zaragueta eta Orioko Herri Ikastola; Getarian Iturzaeta eta Aian Lardizabal Herri Eskola. Proiektu horretan LH4ko eta DBH1eko ikasleek hartzen dute parte (943 ikaslek).

Zisare programaren helburua hirukoitza da: batetik, eskualdeko ikastetxeek beren hondakin organikoekin konposta egitea eta hondakin organikoak tratatzeko bide hori barneratzea, konposta bertako baratzean erabiliz; bestetik, hondakinak berrerabiltzeari eta konpostari buruzko sentsibilizazioa areagotzea; eta hirugarrenik, konpostaje prozesuaren edukia ikastetxeetako Currikulum-ean barneratzea.

Urola Kostako Udal Elkarteak aholkularitza, laguntza eta materiala emango dizkie ikastetxeei proiektua garatzeko.

  • Behar diren oinarrizko baliabide materialak (konpostagailua, aireztagailua, gida...)
  • Konpostajean aditu baten laguntza ikastetxeen eskura
  • Baliabide didaktiko-multzoa (konpostaje tailerra, hondakinak herri mailan kudeatzeko unitate didaktikoa, konpostaje prozesua aztertzeko bi unitate didaktiko, konposta manipulatzeko tresnak, zenbait parametro neurtzeko behar den tresneria).
  • Eguneroko jarraipena egiteko metodologia sistematizatu bat.
  • http://zisare.org webgunea parte hartzen ari diren ikastetxeen eskura, guztion artean komunikatzeko eta lan egiteko.

Zergatik egin konposta?

Hondakinak tratatzeko hierarkiaren lehenengo 3 urratsak prebentzioa, berrerabilpena eta birziklatzea dira. Konposta egitea lehenengoan kokatzen da, prebentzioan. Etxean sortutako hondakin organikoarekin konposta egiten badugu, 5. edukiontzia ez dugu erabiliko, hondakinik ez dugu garraiatuko eta kudeatuko eta, beraz, ez du kostu ekonomikorik eragingo.

Are gehiago, errefusaren edukiontzira hondakin organikoak botatzen ez baditugu, horren kudeaketa ekonomikoaren kostuez gain, hondakinen azken tratamenduak sortzen dituen beste hainbat arazo ere ekidingo ditugu.

Hori dela eta, Urola Kostako Udal Elkarteak ahalegin handia egin du azkeneko urte hauetan konposta egitea bultzatzen. Lehenik etxean, gero auzoan (konposta eremuen bidez) eta orain ikastetxeetan).