Berriak

Atzealdea Digitalizazioa eta Europa: eskualdearen garapenerako giltzarri

Europa mailako “Erasmus+: Digital Schools for enchanced learning achievement” proiektuko kide da Urola Kostako Udal Elkartea

2021·03·25


Ekonomia urdinarekin batera, eraldaketa digitala da Europa mailan gaurkotasun gehien duen erronketako bat. Testuinguru horretan, Urola Kostako Udal Elkarteak Europan jarri nahi izan du begirada, eta digitalizazioaren aldeko apustu garbia egin nahi izan du. Sinetsita, eskualdearen garapenerako giltzarri direla biak ala biak: digitalizazioa, eta Europa mailako sarea indartzea.

Enpresen lehiakortasuna, negozio berriak sustatzea eta talentua areagotzeko, digitalizazioak berebiziko garrantzia du. Azken urteotan, Europako hainbat egitasmotara egin du jauzi  Udal Elkarteak eta Garapen Agentziako zerbitzuetatik baliabideak bideratu ditu digitalizazioren alorrean hainbat ekimen garatzeko. Etorkizunean, digitalizazioaren alorrean gaitutako herritarrak beharko dira; talentudunak. Horretarako, eskola-adinekoekin lan egitea estrategikotzat jo da; talentua sortzeko, ezinbestekoa da eskualdeko ikastetxeekin batera elkarlanean aritzea.

Horretara dator “Erasmus+: DIGITAL SCHOOLS FOR ENHANCED LEARNING ACHIEVEMENT” deritzon nazioarteko proiektua. Ekimenaren helburua da eskoletan digitalizazio prozesuaren garapena sustatzeko esku-hartze egokienak identifikatzea. Proiektuaren bitartez, gaur egungo errealitatearen diagnostiko egoki bat egitea da asmoa; ondoren, eskualde mailako esku-hartze aukerak aztertu eta lantzeko. Hori guztia, proiektuan parte hartzen duten beste nazioekin elkarlanean eta modu bateratuan.

Nazioarteko lan taldean, Udal Elkartea

Urola Kostako Udal Elkartearekin batera, ondorengo erakunde-laguntzaileek osatzen dute nazioarteko lan taldea:

  • Ligue de l´Énseignement du Haut-Rhineman (Frantzia)
  • Redefine (Portugal)
  • Institut fur Interdisziplinare Bildung, IIB (Austria)
  • Osmaniye Il Milli Egitim Mudurlugu (Turkia)
  • Liceo Scientifico Statale “Francesco Redi” (Italia)

Hiru urteko epealdia izango du proiektuak; 2020an ekin zitzaion eta 2022.urtera arte luzatuko da. Iaz, aurre-lanei heldu ondoren, martxoan egin da ofizialki lehen bilera eragilea.  Bilera Frantzian egitea aurreikusita bazegoen ere, egungo egoerak hala behartuta, online egin behar izan da bi lanegunetako bilera-jardunaldia. Diagnostiko fasea amaituta, proiektu kide guztien artean adostu dira AMIA eta aurrera begirako bide-orria ere.