Berriak
Atzealdea Estimulazio psikoemozionalari buruzko doako ikastaroak eskainiko du Urola Kostako Udal Elkarteak, helduen zaintzan positiboki eragiteko
2024·02·21
Zaindu Urola Kosta ekimenaren baitan zaintza sektorea profesionalizatzea eta sektorean kalitatezko enplegua sustatzea du helburu Urola Kostako Udal Elkarteak.
Horretarako, besteak beste, joan den urte amaieran bi ikastaro antolatu zituen, euskara eta estimulazio psikoemozionalari buruzkoak, hurrenez-hurren. Ikastaro horien arrakasta ikusirik, oraingoan ere errepikatu egin ditu biak eta martxoaren hasieran, estimulazio psikoemozionalaren ikastaroaren txanda izango da.
Hain zuzen martxoaren 4tik 7ra bitartean eskainiko du adineko pertsonen alderdi kognitiboaren, emozionalaren eta fisikoaren estimulazioari loturiko doako ikastaroa, Matia Fundazioaren gidaritzapean. Ikastaroa, baina, Oteitza Lizeo Politeknikoan eskainiko da, noski, zaintza arloan lan egiten duten edo lan egin nahi duten herritarrei zuzenduta. Kasu honetan ere, lehentasuna izango dute langabezian dauden pertsonek.
Ikastaroaren helburu nagusia da helduen zaintzan positiboki eragitea eta, horrekin batera, zaintza sektorea profesionalizatu eta arlo honetan lan egin nahi dutenen ezagutzak areagotzea.
Ikastaroaren xehetasunak
Adineko pertsonen kalitatezko zaintzak, horien alderdi kognitiboa, emozionala eta fisikoa estimulatzea eskatzen du, horien ongizatean positiboki eragiteko. Hori dela eta, honako ikastaroa antolatu da:
- Edukia: Pertsonen bizi-historia, gustuak, beharrak eta lehentasunak ezagutzeko estrategiak aztertuko dira, baita eguneroko bizitzan zentzua duten jarduerak nola sustatu ere; eta eguneroko errutinen balio terapeutikoa landuko da.
- Noiz: Martxoak 4-7
- Ordutegia: 15:00 - 17:30
- Non: Oteitza Lizeo Politeknikoan (Gipuzkoa Kalea, 5, 20800 Zarautz)
- Nork eskainia: Matia Fundazioak
Izen ematea
Ikastaroetan izen-ematea zabalik dago jada eta interesdunek Urola Kostako Udal Elkartera deitu (943890808), lanpoltsa@urolakosta.eus helbidera idatzi edo, Udal Elkarteko lan poltsan izena emanda badaude, www.enplegua-urolakosta.org webgunearen bitartez eman ahal izango dute izena.
Argibideak edota informazio gehiago jasotzeko
Urola Kostako Udal Elkartea
Enplegu zerbitzua (Vanessa Garcia, Olaia Sainz)
- Tel. 943890808
- lanpoltsa@urolakosta.eus