Berriak
Atzealdea Udal Elkartea neurtzen ari da, kultura eta sormen alorrek eskualdean duten eragin sozioekonomikoa
2019·06·07
2017.urteaz geroztik dihardu Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko Kultura eta Sormen Industrien (aurrerantzean KSI) sektorea suspertzeko lanean. Hainbat ekimen garatu dira urteotan; guztiak ere, sektorearen ikusgaitasuna areagotu eta sektorea saretu eta profesionalizatzeko asmoz.
Azpimarratzeko modukoa da, aurtengoan, ekimenak eman duen jauzi kualitatibo bikoitza. Alde batetik, KSI sektoreaz haratago, bestelako sektore ekonomiko tradizionalak uztartzeko ekimenak burutu dira. Lankidetza sarea zabaldu, sektore arteko zubiak eraiki eta KSI esparrutik abiatuta, bilatu da sektore ekonomiko tradizionaletan eragitea. Horren adibide da, hibridazioaren bidetik, aurten martxan jarritako ekimen berritzailea: eskualdeko lau sortzaile erantzuna ematen ari dira, esku-hartze ez artistikoaren bitartez, sektore tradizionaletako enpresa/erakundeetan identifikaturiko bi erronkei.
Bestetik, egitasmoa zabaldu da Urola Kostako eskualdeaz gaindi ere. Ildo horretan, nabarmentzekoa da Bidasoa Bizirik Garapen Agentziarekin elkarlanean garatutako “Networking, Industria Sortzailea Bidasoa-Urola Kosta” proiektua. Erabat emankorrak izan dira bi eskualdetako sortzaile, artista, eragile eta sektoreko enpresen arteko topaketak; ahalbidetu da lankidetza aukera berriak identifikatzen, baita sektoreko eragileen lehiakortasuna hobetzen ere.
Adierazle sozioekonomikoak jomuga
Halaber, hiru urteko lanketaren ondoren, ekimenak garatu eta horiek baloratzeaz gain, iritsi da KSI sektoreak eskualdean duen eragin sozioekonomikoa neurtzeko garaia. Jakin nahi baita, KSI sektoreak zenbaterainoko inpaktua eragiten duen, eskualdeko kulturaren zabalkundeari dagokionez, ekonomiaren sustapenari erreparatuz eta gizarte kohesioan izan dezakeen eragina ikertuz.
Izan ere, balio- erantsiaren, sormenaren eta berrikuntzaren alde apustu egiten den lurraldeetan, hazkunde ekonomikoari begirako politiken erdigunean kokatu ohi dira kultura eta sormen industriak. Horretarako, ezinbestekoa zaigu, beraz, KSI sektoreak gure eskualdean duen egoera ezagutzea; hau da, datu eta adierazle sozioekonomiko zehatzekin sektorearen argazkia osatzea: bai, behintzat, etorkizuneko politiketan kontuan hartzeko sektorea izan dadin.
Hala, Urola Kostako Udal Elkarteak, 5 udalerrietako udalen babesarekin, ekin dio kultura eta sormen alorrek eskualdean inpaktu sozioekonomikoa neurtzeari.
Galdetegiak; 4 eredu
Azterketa kuantitatiboaren bidea jorratu nahi da egitasmoak hastapenetatik oinarri-oinarrian izan dituen lankidetza eta parte-hartzearen bidetik. Horretarako, adierazle sozioekonomiko zehatzak jasotzeko galdetegi laburrak diseinatu dira.
Guztira, 4 galdetegi mota sortu dira: sortzaile-artistentzat, sektoreko enpresentzat, museoentzat eta gainerako kultur eragile eta erakundeentzat. Eskualdean, modu batean edo bestean, KSI sektorean dabiltzan ahalik eta eragile gehienengana iristeko helburuz diseinatu dira galdetegi zehatz eta laburrak. Erraz eta azkar erantzuteko inkestak dira, eta gainera, online egiteko modukoak.
Hona hemen inpaktu sozioekonomikoa neurtzeko prestatutako galdetegiak:
- Museoen bideratutako galdetegia.
- Enpresei bideratutako galdetegia.
- Sortzaileei bideratutako galdetegia.
- Kultur erakundeei bideratutako galdetegia.
Informazio gehiago
Zalantzarik izanez gero, edota informazio gehiago jaso nahi izanez gero, idatzi iezaguzu e-mail bat edo jarri gurekin harremanetan telefono bidez:
Enpresentzako Zerbitzuak (Idoia Etxarri, Eli Uzkudun)
- enpresa@urolakosta.eus
- Tel. 943890808
Egitasmo hau kofinantzatuko da Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia sustapeneko, Landa inguruneko eta lurralde orekarako Departamentuaren "«Gipuzkoaren sustapen ekonomikoa bultzatzea eskualde ikuspuntuaren ekarpenaren bidez»” 2018. urteko programaren bidez.