Berriak

Atzealdea Abendaño, Errotaberri eta Urteta industria-guneetako puntu beltzen mapa osatzeko parte-hartze prozesua zabaldu du Urola Kostako Udal Elkarteak

“Denontzako industria-guneak” lelopean, aipatu ekimenak helburu du, genero-ikuspegia ardatz hartuta, industria-gune horien diagnosia egin eta, bereziki bertako emakume langileen segurtasuna bermatzeko ekintzak eta neurri zuzentzaileak hartzeko lanketa egitea. Herritar orok har dezake parte horretarako Udal Elkarteak zabaldu dituen bi bideen bitartez: online galdetegia batetik, urriaren 28ra arte bete daitekeena, eta ekarpenak jasotzeko ahalbidetutako whatsapp zerbitzua bestetik, 649 254 109 zenbakira idatziz.

2022·10·20


Gaur egungo gizartea gero eta anitzagoa da eta horregatik, hain zuzen ere, aniztasuna gizartearen garapenerako faktore erabakigarrienetako bat da. Industria arloan, baina, aniztasun hori betetzea ez da lan erraza, izan ere emakumeak populazio aktiboaren %47a badira ere, industria sektoreko lanpostuetan %20ak soilik jarduten baitu.

Enpleguaren sustapena eta eskualdeko enpresa ehunaren lehiakortasuna areagotzea izanik Urola Kostako Udal Elkartearen erronka nagusietako bat, aniztasuna gizartearen garapenerako oinarri gisa ulertuta, industrian lana egiten duten emakumeak mantendu eta berriak erakartzea ezinbestekoa da.

Hori lortzeko bidean lehen urrats gisa “Denontzako industria-guneak” deituriko egitasmo parte-hartzailea abiarazi du Urola Kostako Udal Elkarteak, genero ikuspegia ardatz hartuta, eskualdeko industria-guneetan bereziki emakume langileen segurtasuna bermatzeko ekintzak eta neurri zuzentzaileak hartzeko lanketa egiteko.

Ekimen hau Zarauzko industria-gune nagusira bideratu da egitasmo pilotu gisa, hain zuzen Abendaño, Errotaberri eta Urteta industria-guneetara. Asmoa da aurrerago eskualdeko gainerako industria-guneetara zabaltzea.

“Puntu beltzen Mapa” bat baino gehiago

Inguru bat “betaurreko moreekin” aztertzeak, erasoekiko segurtasun-gabeziaz gain, beste esparru asko ukitzen ditu, batzuetan nahikoa aintzat hartzen ez direnak hirietako plangintzan eta diseinuan. Egitasmo honen bitartez, industria-guneek genero ikuspegitik aztertuta dituzten gabeziak identifikatu nahi dira, ondoren horiei konponbidea proposatu eta emateko.

Hori horrela, Udal Elkarteak Abendaño, Errotaberri eta Urteta industria-guneetako puntu beltzen mapa osatu nahi du herritarrekin elkarlanean. Puntu beltzak argi ezagatik, ikuspen eskasagatik edo beste hainbat arrazoiengatik emakumeen aurkako jazarpen, erako edo indarkeria kasuak gertatzeko arrisku handiena duten lekuak dira. Diagnosi parte-hartzaile honen bitartez, baina, horiek guztiak identifikatu nahi dira konponbidea emateko.

Parte hartzeko aukera desberdinak

Ekimen parte-hartzaile hau herritar orori zabalduta dago, hala nola, aipatu industria-guneko langileei, bezeroei, La Sallera kotxez ez igotzearren bertan aparkatu ohi dutenei, kirola eginez edo paseatuz bertatik pasatzen direnei…

Parte-hartzeko Udal Elkarteak bi bide zabaldu ditu:

  1. Galdetegi digitala: hau urriaren 28ra arte bete ahal izango da HEMEN. Horren bitartez identifikatutako puntu beltzen berri eman ahal izango zaio Udal Elkarteari, baita Abendaño, Errotaberri eta Urteta hobetzeko proposamenak egin ere.
  2. Whatsapp zerbitzua: zerbitzu honen bitartez ekarpenak egin ahal izango dira, baita argazkiak bidali ere, industria-gune horietan identifikatutako arazoa kokatu eta azaldu ahal izateko. Zenbakia: 649 254 109.

Horrez gain, azaroaren 8an, 13:00tan, aurrez-aurreko parte-hartze saio bat egingo da Urola Kostako Udal Elkartean bertan, prozesuaren garapenaren berri eman eta parte-hartzaileei ekarpenak egiteko aukera eskainiz.

Informazio gehiago

Enpresentzako Zerbitzuak, (Aintzane Ruesgas)

  • Tel. 943 890808
  • enpresa@urolakosta.eus