Berriak

Atzealdea Genero ikuspegia ardatz hartuta, Abendaño, Errotaberri eta Urteta industria-guneetako diagnosia egin du Urola Kostako Udal Elkarteak herritar zein eragile desberdinen parte-hartzearekin

Lanketaren baitan hainbat eskuhartze ekintza egin dira, hala nola, diagnostiko teknikoa, herritarrei zabalduriko galdetegi orokorrak, berariazko elkarrizketak eta baita aurrez-aurreko bi saio ere, azken hauek industria-guneetako eragileekin zein udal teknikari eta langileekin. Ekimen honen helburua da aipatu industria-guneetako langileen segurtasuna bermatzeko ekintzak eta neurri zuzentzaileak proposatu eta lantzea.

2022·12·12


Aniztasuna errealitate bat da gaur egungo gizartean, baina industria mundura zabalduz gero, aniztasun hori apur bat galtzen da, arlo hau, oraindik, nagusiki gizonezkoena baita.

Horri erreparatuz, uda ostean “Denontzako Industriaguneak” ekimena jarri zuen abian Urola Kostako Udal Elkarteak, eskualdeko industria-guneetan langileen segurtasuna bermatzeko ekintzak eta neurri zuzentzaileak proposatzeko lanketa egiteko, genero ikuspegia oinarri hartuta.

Lanketari hasiera emateko, lehenbizi Zarauzko industria-gune nagusira bideratu da egitasmoa, Abendaño, Errotaberri eta Urteta industria-guneetara, alegia, proiektu pilotu gisa. Asmoa da aurrerago eskualdeko gainerako industria-guneetara zabaltzea.

Partaidetza nagusi izan duen egitasmoa

Hori horrela, genero-ikuspegia oinarri eta ardatz hartuta, aipatu industria-guneen diagnosia egin du Udal Elkarteak eskualdeko herritar zein eragileen parte-hartzearekin. Horretarako, harrera ezin hobea izan duten hainbat eskuhartze ekintzak egin ditu, hala nola, diagnosi teknikoa, herritarrei zabalduriko galdetegi orokorrak, berariazko elkarrizketak eta baita aurrez-aurreko bi partaidetza saio ere, azken horiek industria-guneetako erabiltzaileekin zein udal teknikari eta langileekin. Partaidetza saioen helburua izan da orain arte egindako lanketaren berri ematea eta eskuhartze parte-hartzaileetan jasotako ekarpenen leheneste lanketa egitea.

Lehen saioa Abendaño, Errotaberri eta Urtetako erabiltzaile guztiei zuzendutakoa izan da eta hain zuzen 5 eragilek hartu dute parte. Bigarren saiora, aldiz, Zarauzko udaleko ingurumen, parekidetasun, hirigintza eta udaltzaingoa gonbidatu dira, baita udal elkarteko Zuzendaritza, ingurumen, prebentzio eta kalitate eta enpresa zerbitzuko teknikariak ere. Saio honetan, guztira 5 teknikarik hartu dute parte.

Bi saioetan landutako dinamika, halaber, berdina izan da. Parte-hartzaileek lau lan lerroren inguruan egin dute gogoeta: erasoak ekiditea, trafikoaren arriskuekiko babes baxuko guneak identifikatzea, irisgarritasuna areagotzea eta garraio publikoaren erabilera indartzea. Horiek oinarri hartuta, prozesuan zehar herritar zein industria-guneetako erabiltzaileengandik jasotako ekarpenak lehentasun eta garrantziaren arabera sailkatu dituzte eta berriak ere proposatu dituzte, ahalik eta langile gehienentzat onuragarriak direnak lehenetsiz eta betiere, genero ikuspegia ardatz hartuta.

Datozen urratsak

Behin egitasmoaren lehen fase hau itxita, Urola Kostako Udal Elkarteak ekarpen horien guztien bideragarritasuna aztertuko du eta emaitzekin txosten bat osatuko du, udal politikariei aurkezteko, etorkizunera begira, erakundeen arteko elkarlanean, horiei konponbidea emateko helburuarekin. Txosten hori, halaber, herritarren eskura jarriko du webgunean.

Informazio gehiago

Enpresentzako Zerbitzuak, (Aintzane Ruesgas)

  • Tel. 943 890808
  • enpresa@urolakosta.eus