Berriak

Atzealdea Eskualdeko Energia Plana osatzeko herritarrei parte-hartzeko deialdia luzatu die Urola Kostako Udal Elkarteak

Udal Elkartea eskualdeko pobrezia energetikoaren azterketa osatzen ari da eta herritarrei zuzenduriko inkesta bat garatu du horien erantzunak jasota, eskualdearen ahalik eta argazki errealena osatu ahal izateko.

2022·10·24


Energia funtsezko ondasuna da bizitza duina izateko. Hori abiapuntu eta oinarri hartuta, Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko 2022-2026 Energia Plana garatu zuen iaz eskualdeko herritar, enpresa, ekintzaile eta gainerako eragileekin lankidetzan. Plana, halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren «Energia berriztagarrien erabilera eta aurrezpen zein eraginkortasun energetikoa toki mailan bultzatzeko» programaren baitan garatu zen, honen diru-laguntzarekin.

Energia Planak energia kontsumoa gutxitzeko, jasangarritasun energetikoa bultzatzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko hainbat ekintza jasotzen ditu. Horien artean, eskualdeko pobrezia energetikoaren inguruko azterketa bat egiteko beharra identifikatu eta kokatu zen.

Gauzak horrela, Urola Kostako Udal Elkartea pobrezia energetiko horren azterketa diagnosia eta ekintza plan bat garatzen ari da.

Energia duin bizitzeko funtsezko ondasuna izanik, Udal Elkartearen nahia da pertsona guztiek oinarrizko energia beharrak behar bezala asetzeko duten gaitasunaren inguruko informazioa bildu eta hobekuntza neurri zein proposamenak lantzea, pobrezia energetikoari aurre egiteko.

Horretarako herritarrei zuzenduriko galdetegia landu du eta hori bete dezaten parte-hartze deialdia zabaldu die 5 udalerrietako biztanleei, modu horretara, eskualdeko pobrezia energetikoaren ahalik eta argazki errealena atera ahal izateko.

Galdetegia bi formatu ezberdinetan landu du Udal Elkarteak:

Bi kasuetan inkesta betetzeko azken eguna urriaren 31 izango da.

Horrez gain, Urola Kostako Udal Elkarteak Whatsapp zerbitzua ere jarri du martxan herritarren eskura, inkesta mugikorrean jaso nahi luketenek eskaera bideratu ahal izateko. Kasu honetan, whatsapp zerbitzua indarrean egongo da urriaren 31a arte. Telefono zenbakia honakoa da: 649 254 109.

Inkestarekin bildutako datuak azterketa horretarako bakarrik erabiliko dira. Gainera, modu agregatuan erabiliko dira, eskualdeko ekintza-plan bat diseinatzeko, energia-pobreziak eragindako herritarren egoera hobetzeko nahian.