Berriak
Atzealdea Digitalizazioari eta iraunkortasunari loturiko ikastaroak eskainiko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak merkataritza eta zerbitzu sektoreetako profesionalei zuzenduta
2023·02·17
Gizartearen digitalizazio prozesua eta iraunkortasunaren aldeko apustua errealitate dira gaur egun, egin beharreko ezinbesteko bidea, hain zuzen. Izan ere, bi alor horiek estuki lotuta daude enpresen lehiakortasunarekin, eta, aldi berean, lehiakortasun hori, eskualdeko ekonomiaren bermearekin.
Bide horretan, Urola Kostako Udal Elkartearen helburua, nahia eta ardura da eskualdeko enpresa mota desberdinei esparru horietan trebatzeko aukerak eskaintzea, inor atzean utzi gabe, eskualdearen eta, oro har, lurraldearen garapen eraginkorra eta orekatua bermatzeko.
Merkataritza eta zerbitzuen sektoreko profesionalei zuzenduriko ikastaroak
Lan ildo horri jarraiki, Urola Kostako Udal Elkartearen ardura da eskualdeko merkataritza eta zerbitzuen alorreko negozioei eraldaketa digitalerako eta iraunkortasunerako urratsak ematen laguntzea eta hain zuzen helburu horrekin, Gipuzkoa Merkatarien Federazioarekin lankidetzan, aipatu sektoreetako profesionalei zuzenduriko trebakuntza-formakuntza eskaintza diseinatu du.
2 ikastaro desberdin eskainiko dira, bata martxoan eta bigarrena iraila eta urria bitartean, biak, helburu bakar batekin: merkataritza eta zerbitzu sektoreko profesionalak digitalizazio zein iraunkortasunaren alorretan trebatzea eta horrela, beren enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzea. Ikastaroak, gainera, %100ean diruz lagunduta daude.
Saltokiaren online eta off line esperientzia konbinatzeko ikastaroa, martxoan
Lehen trebakuntza ikastaroa martxoaren 6an hasi eta 29a bitarte garatuko da. Ikastaro honek digitalizazioa du ardatz eta saltokien online eta off line esperientzien konbinazioa izango ditu oinarri. Hortik abiatuta, ikastaroaren helburua da parte-hartzaileei bi espazio horietan elkar bizi daitezkeen edukiak sortzen laguntzea eta horretarako beharrezkoak diren erramintak eskaintzea, batetik bestera estrapolatu daitezkeen alderdiak identifikatzeko gaitasuna har dezaten.
Guztira 8 saio eskainiko dira, arratsaldeko 14:00etatik 16:00etara eta guztiak Urola Kostako Udal Elkartean. Jorge Malcorra eta June Aymat izango dira ikastaroaren gidariak eta saioak elebitan eskainiko dira. Egutegia ondorengoa da: martxoak 6, 8, 13, 15, 20, 22, 27 eta 29.
Enpresentzako iraunkortasun teknikak, irailean
Irailean, halaber, ikastaro ziklo honen bigarren txanda eskainiko da, azken hau, enpresentzako iraunkortasun tekniketan oinarrituta eta helburu izango du parte-hartzaileei ekintza iraunkor nagusien azterketa eta analisia egiteko ezagutza eta trebetasunak ematea, elementu bereizle gisa.
Horretarako, parte-hartzaileak jasangarritasunaren alorrean prestatuko dira, bakoitzaren sektore eta araudi joeren arabera. Horrez gain, norberaren negozioan jasangarritasun-printzipio egokienak aplikatzeko ezagutza eta tresnak emango zaizkie eta GJHei, ekonomia zirkularrari eta karbono-aztarnari buruzko oinarrizko ezagutzak ere eskainiko zaizkie.
Kasu honetan ere guztira 8 saio eskainiko dira, elebitan, iraila amaieratik urri amaierara, guztiak, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. Ordutegia 14:00etatik 16:00etara izango da eta Nora Alegre izango da saioen gidaria. Egutegia ondorengoa izango da: irailak 27 eta urriak 2, 4, 9, 11, 16, 18 eta 23.
Izen-ematea
Ikastaroan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Horretarako, nahikoa da email bat bidaltzea enpresa@urolakosta.eus helbidera ondorengo datuak zehaztuz:
- IFZ / NAN
- Enpresaren izena
- Harremanetarako pertsonaren izen-abizenak
- Email-a
- Telefonoa
- Intereseko ikastaroa(k)
Datu horiek ikastaroek kudeaketarako soilik erabiliko dira.
Argibideak edo informazio gehiago
Enpresentzako zerbitzua (Eli Uzkudun)
- enpresa@urolakosta.eus
- 943 890808