Berriak

Generoari lotutako arrakala digitalaren harira aurrez aurreko topaketa bat antolatu du Urola Kostako Udal Elkarteak

Martxoan abian jarritako zibersegurtasunaren inguruko sentsibilizazio kanpainaren baitan, bereziki emakume langile, ekintzaile eta arduradunei zuzendutako aurrez-aurreko saioa egingo da maiatzaren 17an, ZIURen (Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroa) eskutik.

2023·05·03


Enpresek euren sistema informatikoak babestu behar dituzte eta, horretarako, ezinbestekoa da ziber-erasoei aurre egiteko jarraibide eta protokoloak ezartzea. Izan ere, babestu gabeko sistema informatikoak kutsatzen badira, ekoizpen-kate osoa gelditzeko edota informazio guztia galtzeko arriskua dago.

Horri jarraiki, joan den martxoan Urola Kostako Udal Elkarteak zibersegurtasunaren inguruko sentsibilizazio eta informazio kanpaina jarri zuen abian eskualdeko enpresei, autonomoei eta langileei zuzenduta.

Gaur arte, kanpainako bi jardunaldi eraman dira aurrera: lehena martxoaren 22an, krisien kudeaketaren ingurukoa, zibersegurtasuneko gorabehera baten aurrean nola jokatu jakiteko eta bigarrena apirilaren 19an, industria-enpresetako zibersegurtasunaren arloko praktika egokien dekalogoaren ingurukoa, biak, online.

Emakume ekintzaileak eta zibersegurtasuna batzen dituen aurrez-aurreko jardunaldia

ZIURekin (Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroa) elkarlanean, sentsibilizazio kanpaina honen baitan antolatutako azken jardunaldi honek helburu du, aurrekoak bezala, eskualdeko enpresek zibersegurtasunaren alorrean urratsak ematea eta parte-hartzaileei segurtasun hori bermatzeko jarraibideak ezagutzera ematea.

Kasu honetan, maiatzaren 17an, emakume ekintzaileak eta zibersegurtasuna batzen dituen aurrez-aurreko topaketa antolatu du Urola Kostako Udal elkarteak. ‘Emakume ekintzaileak eta zibersergutasuna: ezinbesteko jarraibideak enpresa proiektuak segurtasunez abian jartzeko’ izenpean, saio hau generoari lotutako arrakala digitalaren inguruan sentsibilizatzeko saioa izango da. Bereziki emakume ekintzaile, langile edo arduradunei zuzendutako topaketa da eta horren baitan, digitalizazioak zibersegurtasunaren arloan ezartzen dizkigun erronkak, sare sozialak era seguruan erabiltzeko jarraibideak, iruzurrezko mezuak nola atzeman, tresna erabilgarriak eta pasahitzak behar bezala kudeatzearen garrantzia azalduko dira.

Izen-ematea

Topaketa Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan izango da (Urdaneta bidea 6, Abendaño industriagunea), goizeko 9:30etik 11:00etara. Parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea ondorengo esteka beteaz.

Ekimena %100 finantzatuta dago eskualdeko parte hartzaileentzat. Urola Kostako Udal Elkarteak ekimen honi babesa ematen dio bere pertsonal teknikoarekin, ETEen (ETE DIGITALA) eraldaketa digitalaren esparruan toki-garapenaren arloko lankidetza-gobernantza bultzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin 2022an sinatutako hitzarmenaren baitan.

Argibideak eta informazio gehiago

Enpresentzako Zerbitzuak

  • Tel. 943 890808,
  • enpresa@urolakosta.eus
  •