Berriak
Atzealdea Urola Kostako Soldadura Zentroko ikasleak ere, ingurumenaren alde lanean
2023·03·31
Urola Kostako Soldadura Zentroa, Zumaian kokatua, Oinarrizko Lanbide Heziketa zentroa da, DBHko ikasketak gainditu ez dituzten ikasleak artatzen ditu (15-17 urte bitartekoak) eta helburu du ikasketa praktikoaren bitartez ikasleei ofizio edo lanbide baten oinarrizko ezagutzak transmititzea eta oinarrizko hezkuntza landuz DBHko graduatua lortzea.
Soldadura Zentroak bi urteko ikasketa programa eskaintzen die gazteei, soldadura eta galdaragintzako lanbidea ikas dezaten. Bigarren mailan, gainera, ikasleek praktikak egiten dituzte lantegietan edo eskualdeko udalentzat lan desberdinak egiten dituzte.
Eta hain zuzen ikasketa programa horri jarraiki, urtero, bigarren mailako ikasleek, praktikaldia hasi aurretik, edukiontziaren proiektua burutzen dute. Proiektu hori edukiontzi baten eraikuntzan datza eta ikasleek pauso guztiak garatzen dituzte: planoak, materialen horniketa, mozketa, prestaketa, eta, azkenik, muntaia.
Kasu honetan, azaroan hasi ziren bigarren mailako 12 ikasleak edukiontziaren eraikuntzarekin eta joan den astean amaitu zuten. Guztien artean eta elkarlanean, 30m3 dituen edukiontzia osatu dute, kamioien atzealdeko kaxaren neurrikoa, alegia. Datozen asteotan, edukiontzi hori Urola Kostako Udal Elkarteak kudeatzen dituen garbiguneetako batean kokatuko da.
Eta proiektu horrekin, ikasleek amaitutzat ematen dituzte beren oinarrizko lanbide heziketako ikasketak. Orain, praktikaldia hasiko dute eskualdeko lantegietan eta behin amaituta, erdi mailako ziklo batekin emango diote jarraipena beren formazioari. Beste kasu batzuetan, ikasle horiek praktikaldia burutu duten lantegietan gelditzen dira lanean.
Soldadura Zentroko Oinarrizko Lanbide Heziketa programaren atalak
Esan bezala, Urola Kostako Soldadura Zentroak bi urteko ikasketa programa eskaintzen dien ikasleei, 1050 ordukoa bakoitza.
Lehen ikasturtean lanbide baten oinarrizko ezagutza, lanerako eta gizarterako prestakuntza eta banakako tutoretza saioak jasotzen dituzte ikasleek. Horrez gain, bo modulu mota lantzen dituzte: oinarrizko moduluan arlo sozio-linguistikoa, matematika eta arlo zientifiko-teknikoa garatzen dituzte eta berariazko moduluan, aldiz, soldadura moduluko edo galdaragintzako lanbide profilaren inguruko ezagutzak jasotzen dituzte.
Bigarren mailan, halaber, jarraipena ematen diete aurrez aipatutako bi moduluei. Oinarrizko moduluan DBHko graduatua lortzeko prestaketa jasotzen dute eta berariazkoan, profil profesionala osatzeko gainerako ezagutzak: lanbidearen ezagupen sakonagoak eta laneratzeko garrantzitsuak diren alorrak.
Bigarren mailan, gainera, aurrez aipatu bezala, praktikak egiten dituzte eskualdeko lantegietan eta zenbait kasuetan, lantegi horietan gelditzen dira lanean. Oinarrizko Lanbide Heziketako ikastaro hauek Urola Kosta Udal Elkarteak eskaintzen ditu.
Argibideak jaso eta izena emateko
Urola Kostako Udal Elkartea
Soldadura Zentroa
- Tel. 943862576 / 943890808
- soldadurazentroa@urolakosta.eus