Berriak

Atzealdea Maiatzaren 31n hasiko da “Izan Be Digital” ekimenaren 2. edizioa

Herritarrak Adimen Artifizialaren alorrean gaitzea izango du helburu 90 orduko prestakuntza-programak

2021·05·04


Herritarrak baliabide teknologikoetan gaitzea du helburu Izan-Be Digital programak. Aurten, programa horren baitan, Adimen Artifizialari buruzko 90 orduko prestakuntza berritzailea eskainiko du Urola Kostako Udal Elkarteak.

Bogan den Adimen Artifiziala izango du ardatz prestakuntzak. Datozen urteetako eraldaketari begira, funtsezkoak izango dira teknologia digitalak, eta bereziki Adimen Artifiziala estrategikoa izango da. Horretarako, ezinbestekoa da trebakuntza sustatzea eta arlo horretan talentua sortzea.

Programaren xehetasunak

90 orduko prestakuntza izango da. Ikastaroak lau aste iraungo du; hain zuzen ere, maiatzaren 31tik ekainaren 25era. Saio guztiak goizez izango dira; 09:30etik 14:00etara, Udal Elkartearen egoitzan. Aurrez, maiatzaren 26an egingo da (10:00-11:30, aurrez aurre) aurre-saioa; prestakuntzaren, metodologiaren eta euskarrien berri emango da.

  • Programaren helburua: Gaur egun, eskualdeko herritarrak Adimen Artifizialean gaitzea, modu praktikoak eta era aplikatuan.
  • Norentzat: Informatikako ezagutza eta erabilpen ona duten eskualdeko herritar guztiei bideratuta; langile nahiz lana bilatzen ari direnentzat.
  • Gai hauek landuko dira:
  • Zer da Adimen Artifiziala (AA) Bilakaera eta gaur egungo ekosistema
  • Datuen garrantzia eta datu motak. Programazioa: Python, scripting-era sarrera
  • Datuen ikerketa; oinarrizko estatistika. Datuak interpretatu eta ondorioztatu. Business Intelligence plataformak
  • Adimen Artifizialaren aplikazioa, erabilpen kasuak. Paradgimak.

Ikastaroan, gaur egungo Adimen Artifizialari buruzko adibide praktikoak eta aplikazioak ezagutuko dira. Talde eta bakarkako lanen bitartez, erabat praktikara bideratutako prestakuntza izango da. Printzipioz, arrez aurrekoak izango dira saioak.

Eskualdeko herritar guztiei bideratutako ekimena da. Edozein kasutan, ikastaroan parte hartzeko, ezinbestekoa da aurrez informatikako ezagutza ona izatea. Horretarako, eskaera orriarekin batera, ezagutza-balorazio galdetegia bete beharko dute interesdunek.

Partehartzaile bakoitzak bere ordenagailu eramangarria ekarri beharko du.

Informazio saioa eta izen-ematea

Prestakuntzari buruzko informazio gehiago behar duenarentzat Informazio-saio bat egingo dugu, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko:

  • Eguna eta ordua: maiatzak 18, asteazkena, 10:00etan
  • Non: on line izango da; Gotomeeting plataformaren bidez.
  • Informazio saioan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da galdetegia beteta. Ondoren, saiora sartzeko esteka jasoko du interesdunak bere posta elektronikoan.

Dagoeneko zabalik dago izen-ematea (maiatzaren 25era arte). Izena emateko orria eskura dago Udal Elkartearen egoitza elektronikoan.

Izen-ematea erregistro elektroniko bidez nahiz aurrez aurre egin daiteke. Horretarako, Urola Kostako Udal Elkarteko egoitza elektronikoan dokumentuak deskargatu daitezke (izen emate orria eta ezagutza-balorazio galdetegia), bete eta Udal Elkarteko egoitzara bertaratu beharko dute, edota bertaratuta bertan bete daiteke.

Argibideak edota informazio gehiago jasotzeko:

Urola Kostako Udal Elkartea, Garapen Agentzia

Enplegu eta Lan-orientazio Zerbitzua (Vanessa Garcia, Olaia Sainz)

  • Tel. 943890808
  • lanpoltsa@urolakosta.eus

Proiektu hau kokatzen da Gipuzkoako Foru Aldundiaren "Gipuzkoako ehun sozioekonomikoa eskualdeko ikuspegiaren ekarpenaren bidez suspertzeko programa » baitan (2020ko deialdia, GAO, 2020-06-29, 121 zk).