Berriak
Atzealdea ENPLEGU MAHAIA: Urola Kostan kalitatezko enplegua sustatzeko partaidetza mahaia eratzeko prozesua abiatu du Urola Kostako Udal Elkarteak
2024·02·05
Urola Kostako Udal Elkarteak enpleguarekiko apustu irmoa egiten du eta apustu horren baitan helburu nagusietako bat da eskualdean kalitatezko enplegua sustatzea, bide horretan, talentuaren sorrera, erakartzea eta mantentzea bultzatuz.
Erronka horren esparrutik abiatuta, datozen urteetan enplegu arloan landu beharreko ekintzak zeintzuk izango diren definitzeko hausnarketa prozesuan murgilduta dago Udal Elkartea. Horretarako, baina, ezinbestekotzat jotzen du eskualdeko eragileak prozesuan inplikatzea, enplegua guztion ardura delako eta, ikuspuntu desberdinak batuz eta eskualdean dauden beharrak edota ideiak uztartuz, ikuspegi orokor eta osoago bat lortzeaz haratago, etorkizun aberatsago bat berma daitekeelako.
Horretarako, bi hausnarketa jardunaldi antolatu ditu, otsailaren 16an lehena eta martxoaren 15ean bigarrena. Saio horietan enpleguaren alorreko ikuspegiak eta iritziak elkarbanatuko dira. Helburua da bertaratzen diren eragileek Urola Kostan enpleguaren alorrean dituen ikuspegi, erronka eta desafioak zeintzuk diren adieraztea, erantzun beharreko behar nagusiak identifikatu ahal izateko.
Aipatu bi jardunaldiak presentzialak izango dira, 12:00-13:30 bitartean, Udal Elkarteko egoitza nagusian. Urtarrilaren 19an, esaterako, lehenen partaidetza jardunaldia egin zen eskualdeko hainbat eragilerekin eta bertatik jasotako ekarpenak oso aberatsak izan ziren.
Orain, Urola Kostako Udal Elkarteak enpleguari bultzada eman eta kalitatezko enplegua sustatu nahi duten eskualdeko erakunde, enpresa zein eragile guztiei dei egiten die hausnarketa jardunaldietan parte hartzera, guztien ideia, proposamen eta hausnarketak batuz, etorkizuneko ibilbide orria definitu eta marrazteko. Parte hartzeko 943890808 telefonora deitu, lanpoltsa@urolakosta.eus posta elektronikora idatzi edo esteka honetan eman dezakete izena, zein egunetan bertaratuko diren zehaztuz.
Behin hausnarketa prozesua amaituta, lortutako emaitzen arabera, 2024-2027 arteko eskualdeko Enpleguaren Ibilbide-Orria definituko du Urola Kostako Udal Elkarteak eta ibilbide-orri horretan jasotako ekintzak martxan jartzeko, enplegu mahaia sortuko du.
Informazio gehiagorako
Olaia Sainz eta Vanesa Garcia
Email: lanpoltsa@urolakosta.eus
Telf.: 943 89 08 08