Berriak

Atzealdea Mintzalagun programa: ikasturte amaiera

3
Ekainaren 16an Orioko Kultur etxean egindako ekitaldiak eman dio amaiera ikasturte honi, Iñaki Carretero ipuin kontalari oriotarraren emanaldiarekin.

2016·06·16


Ikasturte honetan Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian 21 talde elkartu dira astero, euskaraz egiteko (80 pertsona inguru).

Atzo, ekainak 16, Mintzalagun programaren ikasturte amaierako ekitaldia egin genuen Orion. Iñaki Carretero ipuin kontalari oriotarraren “Gazte euskaldun baten istorioak” ipuin saioaz gozatu eta mokadutxo bat janez eman zioten amaiera ikasturteari mintzalagunek. 40 pertsona inguru elkartu ginen atzoko ekitaldian.

Mintzalagun programa: zer da?

Mintzalagun Programak euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak, euskaldun zaharrak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariekin) elkartzen ditu astean ordubetez euskaraz hitz egin dezaten. Zer lortzen dugu:

  • Bidelariak, euskaldun berriak: euskaraz hitz egiteko aukera du, bertako hizkera ezagutu eta ikasteko; jendea ezagutzeko eta euskaraz aritzeko harreman-sarea zabaltzeko aukera du.
  • Bidelagunak, euskaldun zaharrak: euskaldun berriei lagundu, bertako hizkera erakutsi, egiten ari diren ahalegina saritu eta aitortu…

Urola Kostan 7 urte

2009an ekin genion Mintzalagun Programari. Ekimena Urola Kostako Udal Elkartearena eta eskualdeko udalena da. Programa antolatzen eta jarraipena egiten parte hartzen dute Urola Kostako AEKk, Zarauzko Udal Euskaltegiak eta udaletako eta Udal Elkarteko euskara zerbitzuek. Programa dinamizatzeko lanak Urola Kostako AEKk egiten ditu.

Uda honetan 5 talde

Orain arte mintzalagun taldeek etena egin izan dute udan, irailean berriz elkartzen hasteko. Aurten, lehen aldiz, deialdia egin dugu udan mintzalagun taldeak sortzeko eta 5 talde sortu dira.

Asteroko hitzorduak, ekitaldiak, irteerak, zozketak

Mintzalagunak astero elkartzen dira, euskaraz aritzeko. Hori osatzeko, ikasturte hasieran eta amaieran ekitaldi bana egiten dugu (hitzaldi, diaporama, ipuin emanaldia…). Horrekin batera, irteerak, topaketak, eskualdeko kultur emanaldietara joateko sarrerak…

Argibideak jaso edo izena eman

Interesa duenak honako telefono eta helbide hauetara jo dezake argibideak jasotzeko eta izena emateko:

  • Urola Kostako AEK euskaltegia; Zarauzko Udal Euskaltegia
  • Telefonoz: 625 485 215
  • Emailez: urolakosta@aek.org
  • www.mintzalagun.blogspot.com
  • Facebook: mintzalagunak gara
1 2 3