Berriak

Atzealdea Mugikortasun plana Zumaiako Joxe Mari Korta, Xey eta Guascor poligonoetan

Zumaiako Joxe Mari Korta, Xey eta Guascor poligonoen arteko mugikortasun jasangarrirako plana. Parte hartu!

2017·03·06


Garapen jasangarria da hazkunde ekonomikoa, kohesio soziala eta ingurumenarekiko errespetua uztartzea, era honetan gizartearen ongizatea eta bizi kalitatea bermatzeko eta aldi berean egungo eta etorkizuneko baliabide naturalen jarraipena bermatzeko.

Testuinguru horretan, hiri-garraioak eragin negatiboa du aipatutako oreka horretan,  ingurumenean zein herritarren osasun eta segurtasunean.

Hori dela eta, Urola Kostako Udal Elkarteak mugikortasun baldintzak eta irisgarritasuna hobetzeko egitasmoa jarri du abian, betiere iraunkortasunaren ikuspegitik. Egitasmo hau, gainera, eskualdeko herritar eta enpresek mugikortasun jasangarriaren inguruan adierazitako kezka eta eskaeretatik abiatu da.

Zumaiako poligonoak: mugikortasun plana

Herritar asko bertaratzen da gure eskualdeko poligonoetara lanera, egunero-egunero, eta nagusi den mugikortasun eredua (norbere autoa) ez da jasangarria. Alabaina, zaila da besterik gabe autoa alde batera uztea, beste alternatibarik ez dagoenean.

Hori dela eta, mugikortasun jasangarrirako plana garatuko du Udal Elkarteak.

Lehen urratsa esperientzia pilotu bat da, Zumaian hasi duguna. Proiektu honen bitartez, Zumaiako Joxe Mari Korta, Xey eta Guascor poligonoen arteko  mugikortasun jasangarrirako plan bat landuko dugu. Ondoren, esperientzia pilotu honetan ikasitakoa oinarritzat hartuta, asmoa da mugikortasun-plana eskualdeko gainontzeko industria-guneetara zabaltzea.

Gure proiektua

Udal Elkartearen eta Zumaiako Udalaren ekimena da abian jarri duguna. Helburua da Zumaiako Joxe Mari Korta, Xey eta Guascor Poligonoen arteko mugikortasun jasangarrirako plan bat garatzea.

Bistakoa denez, gisa horretako mugikortasun plan bat garatzeko ezinbestekoa da enpresek eta bertako langile eta eragileek parte hartzea. Hori dela eta, eragile publikoen, pribatuen eta norbanakoen lankidetzan oinarritutako foroa antolatu dugu Zumaian, mugikortasun plana partaidetzan oinarrituta lantzeko. 2016ko azaroaz geroztik hainbat lan-saio egin ditu foro horrek.

Era berean, azterketa sakona ari gara egiten, poligono horietako mugikortasuna aztertzeko. Alde batetik, enpresei galdetegi bat egin diegu, mugikortasunarekin zerikusia duten zerbitzu eta alderdiak aztertzeko: lan-ordutegiak, lan txandak, jangela zerbitzua, garraio zerbitzua... Bestetik, poligono horietako langileentzat galdetegi bat jarri dugu eskura, joan-etorriak noiz eta nola egiten dituzten aztertu ahal izateko (garraio-ohiturak).

Azterketa horren helburua da gaurko egoeratik abiatuta irtenbideak proposatzea, mugikortasun jasangarriaren ikuspegitik. Hori guztia bideratzen ari gara Biziker Mugikortasun Aholkularitza enpresaren laguntzarekin.

Argibideak, izen-ematea, galdetegiak... hemen