Berriak
Atzealdea Urola Kostako 2021-2025 energia plana: energia kontsumoa murriztu eta jasangarritasun energetikoari bultzada emateko
2021·07·30
Urola Kostako Udal Elkartea eskualdeko energia plana garatzen ari da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren «Energia berriztagarrien erabilera eta aurrezpen zein eraginkortasun energetikoa toki mailan bultzatzeko» programaren baitan.
Ekimenaren helburua da eskualde mailako energia plan gaurkotua osatzea; hain zuzen ere, 2021-2025 epealdirako ekimen zehatzak definitzeko.
2021-2025 Energia plana
Zehazki, 5 dira egitasmoarekin lortu nahi diren helburuak:
- Eraginkortasuna lortzea; energiaren erabileran efizientzia bultzatzea eta energia-aurrezpena sustatzea.
- Erregai fosilekiko mendekotasuna gutxitzeko, energia berriztagarriak sustatzea eta ezartzea.
- Berotegi-efektuko gasen isurketak gutxitzea.
- Energiaren gaiaz hausnartzeko eskualdeko lan mahai bat sortzea.
- Herritarrengan sentsibilizazioa lantzea; energia aurrezteak eta energia berriztagarriek dakartzaten onurak gizarteratuz.
Energia kontsumoa murrizteko eta jasangarritasun energetikoari bultzada emateko asmoz landuko da plana. Beti ere, zeharkako ikuspegi integral batetik abiatuta eta nazioarte mailako Garapen Iraunkorrerako Helburuekin eta 2030 Agendarekin lerratuta. Izan ere, eraginkortasun energetikoaren gaiak hainbat arlotan du zuzeneko eragina; jarduera ekonomiko guzti-guztietan (garraioa, industria, merkataritza, turismoa…), herritarren ongizatean eta kontsumo-ohituretan, etab. Alde batetik, aipatu jardueretako eragileen lehiakortasunean eta eskualdeko ekintzaileen ekosisteman. Bestetik, eskualde mailako enpleguan: talentua erakarriz eta lanpostu berriak sortuz. Eta, azkenik, baita eskualdeko herritarren bizi kalitatean ere; etxebizitzen erosotasunean eta familien aurrezpen-ahalmenean, esaterako.
Horrenbestez, ezinbestekoa da eskualde mailako plan bat adostea, energia berriztagarriak sustatzeko eta jasangarritasun energetikoaren bidetik lurraldearen garapen sozioekonomikoan beste urrats bat emateko.
Eskualde mailako lanketa: diagnostikotik lan-mahaira
Hiru fase nagusitan osatuko da lan- ibilbidea. Lehenik, energia alorrari erreparatuz eskualdeko diagnostikoa osatuko da. Gero, plana bera garatuko da; besteak beste, energia berriztagarriak eskualdera erakartzeko beharrezko finantzaketa eta egiturak aztertzeko. Azkenik, lan-mahaia osatuko da; planaren jarraipena egiteko eta energiaren inguruko etorkizuneko ekimenez, programez eta azpiegiturez hausnartzeko.
Une honetan, diagnostikoa osatzeko datu bilketaren baitan, Urola Kostako Udal Elkartea zuzenean ari da eskualdeko udal bakoitzarekin lanketa egiten. Datu estatistikoez gain, herri bakoitzaren egoera zehatza ezagutzeko. Alabaina, udalekin ez ezik, bost herrietako enpresekin eta herritarrekin ere nahi da osatu argazkia.
Horretarako prestatu dira galdetegi labur-laburrak; ahalik eta modurik arinenean, parte hartzea sustatu eta ahalik eta eragile gehienen ekarpenak jasotzeko.
- Enpresa ordezkariek betetzeko galdetegia (abuztuaren 6ra arte).
- Herritarrek betetzeko galdetegia (irailaren 15 era arte).
Informazio gehiago
Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, idatzi iezaguzu e-posta bat edo jarri harremanetan telefono bidez:
Enpresentzako Zerbitzuak (Idoia Etxarri)
- prospekzioa@urolakosta.eus
- Tel. 943890808