Berriak
Atzealdea Telazko 1.000 erosketa poltsa banatuko dira eskualdean, doan
2021·11·23
Urola Kostako Udal Elkarteak, bost udalerrietako udalekin eta ostalaritza eta merkataritza elkarteekin elkarlanean, 2021 urtean zehar gauzatu duen Nire Aukera Urola Kosta kanpaina abenduan amaituko da Nire Aukera Urola Kosta argazki-mosaikoarekin. Horretarako, azaroaren 25etik aurrera telazko erosketa poltsak banatuko dira doan kanpainari babesa ematearen truke.
Aian, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian telazko mila poltsa banatuko dira datozen egunotan Nire Aukera Urola Kosta kanpainari babesa ematen dioten herritarren artean. Eskualdeko merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan kontsumoa sustatzeko beste ekimen bat, telazko poltsa guztietan tokian tokiko kontsumoak duen garrantzia ohartarazteko kanpainaren irudia eta bost udalerrietako ostalaritza eta merkataritza elkarteetako irudiak jasoko baitira.
Telazko poltsak doan banatuko dira, baldintza batekin: Nire Aukera Urola Kosta kanpainari babesa emanez argazki bat ateratzea. Argazkiak telazko poltsak banatuko diren gunean bertan aterako dira, eta argazki guztiekin Nire Aukera Urola Kosta argazki-mosaikoa osatuko da (argazkia ateratzen duten pertsona guztiek irudi-eskubideen dokumentua sinatu beharko dute).
Urola Kostako Udal Elkartetik adierazi dutenez, “ahalik eta poltsa kopuru handiena banatzea izango da erronka, edo beste modu batera esanda, kanpainaren alde ahalik eta atxikimendu gehien lortzea. Eta noski, eskualdeko biztanleei tokian tokiko kontsumoa egiteak duen garrantziaz ohartaraztea. Eskualde bizi eta lehiakorra nahi badugu, ezinbestekoa da gure merkatari eta ostalarien aldeko apustua egitea”.
Banaketa egutegia
Poltsen banaketa Orion hasiko da, azaroaren 25ean, ostegunean. Bukatu berriz, abenduaren 3an bukatuko da, Aian. Hauxe da banaketa egutegia:
- Azaroak 25, osteguna, Orio. Herriko plaza (10:30-13:30).
- Azaroak 26, ostirala, Zarautz. Foruen plaza (10:30-13:30).
- Azaroak 27, larunbata, Getaria. Kale Nagusia (11:00-14:00).
- Azaroak 27, larunbata, Zumaia. Kofradia (11:00-14:00).
- Abenduak 2, osteguna, Zarautz. Foruen plaza (17:00-19:00).
- Abenduak 3, ostirala, Aia. Kooperatiba aldamenean (10:30-13:30).
Argazki-mosaikoarekin batera, eta kanpainari amaiera emateko, Urola Kostako ostalaritza eta merkataritza establezimenduen lehiakortasuna eta bikaintasuna nabarmentzeko helburuarekin, sektoreko protagonista ezberdinei grabatutako bideo testigantzak zabalduko dira.