Berriak

Atzealdea Kalitate Zigilua kirol-sektoreko enpresentzat

Kalitate zigilua aurkezteko, Udal Elkarteak webinar saioa antolatu du kirol alorrean diharduten eskualdeko enpresa eta erakundeentzat. Lan-saioa martxoaren 9an izango da; 13:30ean

2022·02·11


Itsas Kirol Poloaren baitan, Urola Kostako Udal Elkarteak kirol esparruko berariazko kalitate-zigilua zabalduko du eskualdeko enpresen artean. Urola Kostak itsasoarekin duen harreman estua oinarri, itsasoa, itsas-kirola eta ekonomia urdina uztartuko ditu Itsas Kirol Poloak. Nazioarteko proiekzioa eta erreferentzialtasuna ditu jomuga eskualde mailako polo estrategiko berritzaileak.

Itsasoarekin hartu-emanean garatutako eskualdea da gurea. Eta, hain zuzen ere, Itsas Kirol Poloak eskualdearen itsastar nortasuna du muin-muinean. Eskualdearen garapen jasangarriaren motor eta ikur izateko jaio da Itsas Kirol Poloa. Gune berritzailea izango da; eragileen arteko elkarlana eta sinergiak bultzatzeko, ezagutza sortzeko eta partekatzeko.  Ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatuko da; talentua erakarriz, ekintzailetza eta ekonomia-lehiakortasunera begirako jarduerak eraginkortasunez ustiatzeko.

Kalitate zigilua kirol-sektoreko enpresentzat

Norabide horretan abiatu da kirol alorreko eragileei bideratutako kalitate zigilua ezartzeko dinamika. Kirol esparruan diharduten enpresa, erakunde nahiz kirol- instalazioentzat berariaz diseinatutako kalitate zigilua da. Urola Kostako Udal Elkarteak balioan jarri nahi du kirol sektoreko enpresen jarduna, eta zigilua eskuratzeko baliabideak eskainiz, eskualdeko kirol-enpresen ahalegina aitortzeko eta eskualdetik haratago enpresei ikusgarritasuna emateko erreminta eraginkorra izango da.  Funtsean, itsas-kirol esparrutik abiatuta, zigilua eskuratzen duten enpresentzat kirol alorrean zerbitzuak etengabe hobetzeko konpromisoaren eta bikaintasunaren adierazle izango da kalitate zigilua.

Webinarra abiapuntu

Halako zigilu bat izateak irtenbide eta aukera zabala eskaintzen dizkio edozein enpresa edo erakunderi. Zehazki, ordea, kalitate-zigiluak zein onura dakarkio kirol esparruko enpresari? Enpresak zein bide jorratu behar du zigilua eskuratzeko? Zenbait adibide eta kasu errealetatik abiatuta, erantzun egokiak topatzeko aukera izango dute webinar saioan parte hartzen duten enpresek.

  • Eguna eta ordua: martxoak 9, asteazkena, 13:30ean
  • Non: On line izango da.

Argibideak eta izen-ematea:

Dagoeneko zabalik dago izen-ematea. Webinarrean parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da galdetegia beteta.  Ondoren, saiora sartzeko esteka jasoko du interesdunak bere posta elektronikoan.

Izena emateko edota informazio gehiago jaso nahi izanez gero, idatzi iezaguzu e-maila bat edo jarri harremanetan telefono bidez:

Urola Kostako Udal Elkarteko Garapen Agentzia (Olaiz Sainz)

  • Tel. 943 890808,
  • lanpoltsa@urolakosta.eus