Berriak

Atzealdea Denontzako Industriaguneak ekimeneko aurrez-aurreko saioa, azaroaren 8an Udal Elkartean

Aipatu ekimenak helburu du, genero-ikuspegia ardatz hartuta, Abendaño Errotaberri eta Urteta industria guneen diagnosia egin eta, bereziki bertako emakume langileen segurtasuna bermatzeko ekintzak eta hobekuntzak proposatzeko lanketa egitea

2022·11·04


Urola Kostako Udal Elkarteak “Denontzako Industriaguneak” ekimena abiarazi du aurten, genero ikuspegia ardatz hartuta, eskualdeko industria-guneetan bereziki emakume langileen segurtasuna bermatzeko ekintzak eta neurri zuzentzaileak hartzeko lanketa egiteko.

Egitasmo honen bitartez, Udal Elkarteak lehenbizi Abendaño, Errotaberri eta Urteta industria-guneetako puntu beltzen mapa osatuko du herritarrekin elkarlanean. Asmoa da, ondoren, lanketa hori bera eskualdeko gainerako industria guneetara zabaltzea.

Horretarako, orain arte harrera ona izan duten hainbat eskuhartze ekintza jarri dira abian, hala nola, diagnostiko teknikoa, galdetegi orokorrak eta berariazko elkarrizketak modu horretara herritarren iritzi, ekarpen eta proposamenak jasotzeko. Oraingoan, aurrez aurreko parte-hartze saioa egingo du Urola Kostako Udal Elkartean azaroaren 8an izango da, eguerdiko 13:00etatik 14:00etara.

Saio honek helburu bikoitza du: orain arte egin den diagnosiaren emaitzen berri ematea eta parte-hartzaileekin jaso diren ekarpenen leheneste lanketa bat egitea. Parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea galdetegi hau beteaz.

“Puntu beltzen Mapa” bat baino gehiago

Inguru bat “betaurreko moreekin” aztertzeak, erasoekiko segurtasun-gabeziaz gain, beste esparru asko ukitzen ditu, batzuetan nahikoa aintzat hartzen ez direnak hirietako plangintzan eta diseinuan. Hori horrela, aniztasuna gizartearen garapenerako oinarri gisa ulertuta, industrian lana egiten duten emakumeak mantendu eta berriak erakartzea ezinbestekoa da. izan ere emakumeak populazio aktiboaren %47a badira ere, industria sektoreko lanpostuetan %20ak soilik jarduten du. Enpleguaren sustapena eta eskualdeko enpresa ehunaren lehiakortasuna areagotzea izanik Urola Kostako Udal Elkartearen erronka nagusietako bat, egitasmo honen bitartez, industria-guneek genero ikuspegitik aztertuta dituzten gabeziak identifikatu nahi dira, ondoren horiei konponbidea proposatu eta emateko.

Informazio gehiago

Enpresentzako Zerbitzuak, (Aintzane Ruesgas)

  • Tel. 943 890808
  • enpresa@urolakosta.eus