Berriak

Atzealdea TicketBAI sistemari eta FakturaBAI web-aplikazioari buruzko saioak

Urola Kostako Udal Elkarteak TicketBAI (TBAI) sistemari buruzko informazio-jardunaldia antolatu du ostalarientzat. Gainerako sektoreetako enpresentzat, berriz, FakturaBAI aplikazioari buruzko prestakuntza eskainiko da

2021·11·25


2022ko uztailaren 1etik aurrera modu mailakatuan sartuko da indarrean TicketBAI sistemaren derrigorrezko epea; eta ostalaritzak ere TicketBAI sistema berriarekin hasi beharko du lanean berandu baino lehen. Sistema indarrean sartzen denetik aurrera, jarduera ekonomikoren bat egiten duen edozein pertsona fisikok nahiz juridikok TicketBAIren baldintzak betetzen dituen fakturazio-sistemaren bat erabili beharko du. Ekimenak zenbait betebehar legal eta tekniko dakartza berarekin eta negozioek beren ekipamendu informatikoak egokitu beharko dituzte.

Bide horretan, Udal Elkarteak laguntza eskaini nahi die eskualdeko enpresa guztiei. Martxan da merkataritza eta zerbitzu sektoreko enpresei bideratutako banakako aholkularitza programa eta ostalariei nahiz gainerako sektoreetako enpresei bideratutako beste bi saio berri eskainiko dira.  

Informazio-jardunaldia ostalarientzat

Gipuzkoako Ostalaritza elkartearekin elkarlanean, ostalaritza sektorearen beharrizan eta berezitasunak kontuan hartuta antolatu da TBAI sistemari buruzko eskualdeko ostalariei zuzendutako informazio-jardunaldia. Prestakuntza saioa abenduaren 1ean izango da; goizeko 10:00etatik 12:00etara, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian.

FakturaBAI doako aplikazioa 

Sistema berrira egokitutako aplikazio eta erreminta ezberdinak garatu badira ere, Gipuzkoako Foru Ogasunak pertsonen eta erakundeen eskura jarri du FakturaBAI aplikazioa. FakturaBAIrekin fakturak sor daitezke PDF formatuan, QR kodea eta TicketBAI identifikatzailea barne. Doakoa da eta euskaraz lan egiteko aukera eskaintzen du. Abenduaren 3an egingo da lan-saioa; goizeko 09:30ean, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian.

Argibideak eta izena emateko

Izena emateko, ondorengo datuak beharko ditugu:

  • Enpresaren izena           
  • Harremanetarako pertsonaren izen abizenak  
  • E-maila eta telefonoa

Datu horiek erabiliko dira, soilik, saioen kudeaketarako.

Enpresa Sustapeneko eta Enpresentzako Zerbitzuak (Eli Uzkudun)

  • Tel. 943 890808,
  • enpresa@urolakosta.eus