Berriak

Atzealdea Udal Elkarteak "50+Urolakosta" egitasmoa jarri du martxan, aldaketa demografikoek dakartzaten behar berriei erantzuteko

Helburua da 50 urtetik gorako biztanleriaren behar zehatzei erantzuteko etorkizuneko produktu edota zerbitzuak lantzen joatea. 3 topaketa egingo dira eskualdeko enpresa eta eragileekin.

2018·04·17


Gaurko eta etorkizuneko eszenario demografikoen azterketak garbi erakusten du Urola Kostan 50 urtetik goragoko biztanleria areagotzen ari dela eta gero eta pisu handiagoa izango duela. Horrek behar eta premia berriak dakartza, aukera berriekin batera.

Hazkunde horri erantzuteko, ezinbestekoa da 50 urtetik gorako pertsonen gaur eta biharko produktu eta zerbitzuen behar eta premiei aurrea hartzea. Xede horrekin jarri du martxan Urola Kostako Udal Elkarteak "50+Urolakosta" ekimena.

"50+Urolakosta" egitasmoa

50+Urolakosta ekimenak silver aktiboarekin lotura duten enpresa eta eragileen arteko lankidetza sustatu nahi du, hau da, 50 urtetik gorako pertsonentzako produktu edota zerbitzuen arloan lan egiten duten bailarako enpresa eta eragileen lankidetza: industria sortzaile eta kulturalak, enpresa teknologikoak, gizarte enpresak, organizazio pribatuak, administrazio publikoa…

Gure xedea da silver ekonomiaren arloan mundu zabalean lantzen ari diren produktu eta zerbitzuak ezagutu eta aztertzea eta, lankidetzan, bailarako enpresei bideak zabaltzea, proiektu berriak lantzeko.

Hiru topaketa, hiru gai nagusi

50 urtetik gorako pertsonen behar eta premiak askotarikoak izanik, hiru topaketa hauetan 50+ekonomiaren arloko (50 urtetik gorako pertsonentzako produktu eta zerbitzuen sektorearen arloko), 3 gai nagusi hauek landuko ditugu:

  • Ongizatea eta osasuna: 2018/04/23
  • Turismoa eta aisialdia, "Elder" eta teknologia berrien aplikazioak :2018/05/04
  • Diseinu unibertsalaren kontzeptua, produktuei aplikatua: 2018/05/07

Topaketa hauetan parte har dezakete 50 urtetik gorako pertsonentzako produktu edota zerbitzuen arloan lan egiten duten bailarako enpresa eta eragileek.

Lehen topaketa: Ongizatea eta osasuna

  • Data: Apirilak 23, 9:30-11:30
  • Lekua: Urola Kostako Udal Elkartea (Urdaneta bidea 6, Zarautz)
  • Gaia:  "Ongizatea eta osasuna" gaiaren ingurukoa izango da, eta esparru horretan teknologiak izan duen bilakaera eta joera berriak aurkeztuko ditugu. Batez ere, "Ongizatea eta osasunean" honako lau esparruen hausnarketa egingo dugu:
    • Arreta soziala eta sanitarioa
    • Bizitza etxean era autonomoan
    • Jarduera fisiko eta mentala
    • Zahartze aktiboa eta osasuntsua (kirola, ongizatea, elikadura, turismo osasuntsua...)
  • Topaketa honen helburuak hauek dira:
  1. Mundu mailan osasun eta ongizatean, teknologia aurreratuetan dauden esperientziak azaltzea.
  2. Osasun eta ongizatearen inguruan eskualdean dauden beste eragileekin elkar harremanak egitea.
  3. Diziplina anitzeko eragileekin sarea sortzea.
  4. Eskualdeko erakundeek izan dezaketen hazkuntza ekonomikoa aztertzea.
  5. 50+Urolakosta plataformaren onurak ezagutzea.

Informazioa eta izen-ematea

Topagunean parte hartzeko aurrez izena eman behar da, telefonoz, emailez edo webgunearen bidez. Izena emateko epe-muga apirilaren 20a.

Argibideak nahi badituzu, jarri gurekin harremanetan:

  • Urola Kostako Udal Elkartea
  • Garapen Agentzia (Olaia Sainz, Idoia Etxarri)
  • Tel. 943890808
  • harrera@urolakosta.eus

Ekimen honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eta babesa jaso du "Gipuzkoako enpresa ehunaren lehiakortasuna indartzea sustatzeko programaren» baitan.